Maderas de Llodio greba mugagabean

Errioxako kideen babesa ere jaso dute Maderas de Llodioko langileek

Aimar Gutierrez Bidarte 2025eko irailaren 12a

Laudioko langileek irailaren 16 eta 18an egingo dituzte kaleratzeen aurkako greba egunak. / Aiaraldea.eus

Garnica konpainiak Maderas de Llodion burutu nahi dituen kaleratzeen aurrean, bertako langileekin elkartasuna adierazi dute konpainia berdineko Errioxako beharginek. 

Garnica taldeak Maderas de Llodio lantegitik 39 behargin kaleratzeko erabakiak erreakzio soka luzea ekarri du. Azken egunetan ugariak izan dira Laudioko langileek jaso dituzten elkartasun keinuak. Zur-industriako konpainiaren gainerako lantegietatik ere Laudioraino iritsi dira babes mezuak. Valentziako Don Juan enpresako langileak izan ziren lehenak, eta orain Errioxako Fuenmayor herriko langile-batzordearen elkartasuna ere jaso dute, Garnica taldekoak hauek ere.

Errioxako beharginek Maderas de Llodion gertatzen ari denaren gaineko haien "ezinegona" azaldu dute ohar baten bidez. Laudioko beharginei "erabateko babesa" luzatu diete. Bertako langile batzordearen iritziz, Garnicak aurkeztutako neurriak "oso gogorrak" dira. Izan ere, "atzerabueltarik ez duen kaltea" sortuko lukete Laudioko langileengan eta hauen familiegan.

Bide beretik, "gauzak bideratzeko bestelako moduak daudela" iritzi dute behargin errioxarrek, "ez plantillaren %25ari kalte egingo dion lan erregulazio espedientea aurkeztuz".

Azkenik, azpimarratu dute konpainiak datozen egunetan hartzen dituen neurriak "gertutik jarraituko dituztela", eta hauen arabera erantzungo dutela.

Greba, piketeak eta mobilizazioak

Maderas de Llodioko langileek datorren asterako bi greba egun deitu dituzte: irailaren 16 eta 18an. Greba deialdiarekin batera pikete eta mobilizazioetara batzeko deia luzatu diete herritarrei. Astearte eta ostegunean 5:00etan, 13:30etan eta 21:30etan egingo dituzte piketeak lantegiko atarian.

Horrez gain, bi elkarretaratze ere deitu dituzte. Irailaren 16an Maderas de Llodio aurrean elkartuko dira, 12:00etan. Ostegunean, aldiz, herrigunera jaitsiko dute protesta. Azoka eguna baliatuta, Laudioko Herriko plazan egingo dute mobilizazioa; hau ere 12:00etan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide