Laudiora iritsi da Masa Kritikoa, eta irailaren 25ean egingo dute lehenengo ekimena

Aimar Gutierrez Bidarte 2025eko irailaren 12a

Amurrioko Masa Kritikoak 2024ko abenduan bisitatu zuen Laudio, egitasmoa Aiaraldean hedatzeko. / Aiaraldea.eus

Bizikleta erabiltzaile talde batek sustatuta, mundu mailako Masa Kritikoa mugimendura batuko dira aurrerantzean Laudion ere. Irailaren 25ean jarri dute lehenengo hitzordua, eta hilabeteko azken ostegun guztietan errepikatuko dute.

Amurrioko eredua jarraituta, Laudiora iritsi da Masa Kritikoa. Hilabeteko azken ostegunetan herriko kaleak hartuko dituzte bizikletekin. Irailaren 25ean Lamuza plazatik abiatuko dute egitasmoa 20:00etan, eta hilabetero errepikatuko dute hitzordua.

Ez da protesta bat, ezta manifestazio bat ere ez. "Bat-bateko ekimena" da, sustatzaileen hitzetan. Masa Kritikoa 1992an jaio zen AEBko San Francisco hirian. Mugimendu espontaneo bezala sortu zen, eta horrela hedatu da mundu zabalean. Hilabetean behin munduko ehunka hiritan milaka txirrindulari batzen dira, elkarrekin pedalei eragin eta bizikletaren espazioa aldarrikatzeko.

Mugimendu globala 2021eko abenduan iritsi zen Amurriora, eta ordutik ez dute hilabete bakar batean ere hutsik egin. Hilabetero hilabetero jai-giroan eta musika lagun atera dira Amurrioko kale eta errepideak bizikleten espazio ere badirela aldarrikatzera.

Hain justu, iazko abenduan ospatu zuen Amurrioko Masa Kritikoak hirugarren urteurrena, eta egitasmoa eskualdeko gainerako herrietara zabaltzeko gonbita egiteko baliatu zuten eguna. Gonbita onartu dutela dirudi, eta ikasturte berriarekin batera bi izango dira mugimendu global honen hitzorduak Aiaraldean: hilabeteko lehen ostiraletan Amurrion eta hilabeteko azken ostegunetan Laudion.

Erlazionatuak

Masa kritikoa Aiaraldean hedatzen

Aimar Gutierrez Bidarte 2024 abe 08 Amurrio

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide