Iraileko udalbatzak eztabaida luzeak ekarri zituen Laudiora jaien eta politikaren arteko harremana dela medio. Izan ere, hiru mozio landu zituzten Laudioko jaiei lotuta.
Alde batetik, EAJk testua aurkeztu zuen Euskal Poliziari buruz eta EH Bilduk ordezkoa ere eraman zuen. Gero, EAJk eta Omniak jaien erabilera alderdikoiaren kontrako testua proposatu zuten. Oposizioak aurkeztutako biek aurrera egin zuten, udal gobernuaren kontrako bozekin.
Ertzaintzari buruzko kartelak
EAJk Euskal Polizia (Udaltzaingoa zein Ertzaintza) babesteko eta euren lana aitortzeko mozioa mahairatu zuen, lehenik eta behin. Ander Añibarrok defendatutako testuak aipatu zituen udan Beasainen, Amurrion edota Laudion izandako gertakariak. Zehazki, Laudion Ertzaintzaren kontrako kartelak agertu ziren, zeinetan "Ez duzu lana hautatzen, aldea baizik" lema irakurri ahal zen.
Añibarroren ustez, kartel horiek udan Euskal Poliziaren kontra egondako hainbat ekintzekin harremana dute eta erakunde publikoen kontrako errespetu faltak ez ezik, pertsonen kontrakoak ere badira. Horregatik, EAJko bozeramaileak adierazi zuen "lotsa" sortu ziotela eta egoera hori salatu behar dela eta polizien lana aitortu. "Errespetua eskatzen dugu pertsonentzat", azpimarratu zuen.
Omniak eta PSE-EEk erabateko adostasuna erakutsi zuten EAJren testuarekin, baina EH Bilduk ordezko mozioa proposatu zuen.
Laudion Ertzaintzari buruz agertutako kartelak salatu zituen EAJk eta euren jarduera aitortzea eta babestea eskatu zuen
Ainize Gastaka alkateak hartu zuen hitza testuaren esanahaia azaltzeko eta udalburuak argitu zuen bi eztabaida nahasten ari zirela. Alde batetik, "errespetuaren mugak gainditzen dituzten jarduerak, guztiz lekuz kanpo daudenak". Bestetik, polizia eta segurtasun ereduarena. Izan ere, Gastakak gaineratu zuen indar polizialen kritika zilegia dela eta ez dela errespetu falta: "Abusuak salatzea, euren jarduerarekin kritiko izatea eta segurtasun ereduari buruz eztabaidatzea erabat demokratikoa da".
Alkateak argitu zuenez, horregatik prestatu zuten ordezko mozioa: "Kritika eskubidea eta adierazpen askatasuna ezin dira kriminalizatu eta Eusko Jaurlaritzari dagokio segurtasunari buruzko eztabaida zabaltzea eta sustatzea".
Horren aurrean, Ander Añibarro desados agertu zen, nahiz eta kritika politikoa zilegitzat jo. Jeltzaleak, bide batez, aldarrikatu zuen aurreko legealdian bere taldeak egindako lana, Udaltzaingoarentzat hainbat segurtasun bitarteko erosi eta plaza gehienak egonkortu zituztelako.
Jaiak, pankartak, politika, alderdikeria
Eztabaida ez zen hor amaitu. Hain zuzen, EAJk eta Omniak beste mozio bat adostu zuten jai alderdikoien kontra. Ander Larrinaga jeltzaleak hartu zuen bere gain testua azaltzea eta hasieratik argi utzi zuen EH Bilduk eta EAJk oso jai eredu ezberdinak dituztela eta eurena ez zela mozio bat politika eta jaia nahastearen kontra. Hori bai, ezberdindu zituen, bere ustez, zilegiak diren mezuak (Gazako sarraskiaren kontrakoa, adibidez) eta "errespetu gabekoak edota talka bilatzen dutenak". Larrinagaren aburuz, azken horiek zein kartel, margoketa eta pankarta zaharrak kendu beharra dago.
Jaiei buruzko bigarren mozioak EH Bilduren pankarta bat agertu izana kritikatu zuen
Testuinguraketa hori eginda, EAJk gogor kritikatu zuen espazio publikoan EH Bilduk sinatutako pankarta bat agertu izana jaietan. "Alderdiek ez dute espazio publikoa hartu behar jaietan", aldarrikatu zuen zinegotziak. Halaber, salatu zuen maiz udaleko sare sozialak propaganda egiteko baliatu direla.
Omniako bozeramaile Alvaro Barrios oso haserre agertu zen pankarta horren agerpenarekin: "Non dago udal baimena mezu hori jartzeko? Ulertzen dut ilegalizazio garaian eta erakundeen ateak itxita egonda, pankartak baliatzea, baina egun EH Bilduk alkatetza eta ikusgarritasun osoa dauka hedabideetan, ez Omnia bezala, esaterako". Barriosek nabarmendu zuen injustua iruditu zaiela egoera eta baimena ez agertzekotan, epaitegira joko dutela.
PSE-EEk kritika askoz urrunago eraman zuen. Bere iritziz, jaiak eta politika ez dira batu behar. "Jaiak elkar egoteko unea dira, eta ez zatitzeko. Urteko egun guztiak ditugu manifestazioak, kartelak eta pankartak jartzeko. Jaiak ez dira politizatu behar. Horretarako araudia egitea proposatzen dugu eta zigorrak ezartzea. Neutraltasuna bermatu behar da", aipatu zuen Loli Muriel zinegotzi sozialistak.
EH Bilduk, bere aldetik, azaldu zuen pankarta horren lema "Askatasun haizea" zela eta elkartasun keinua zela. Halaber, argitu zuen bere zinegotziak ordezkari publikoak bilakatzen direnetik ez dutela elkarteetan parte hartzen. Oposizioak esandakoaren aurrean, koalizioak aldarrikatu zuen espazio publikoaren erabilera, "herriarena delako".
Azkenik, gogoratu zuen sare sozialen funtzionamendua alderdikoia ez izateko, oposizioak egindako iradokizunak txertatu dituztela erabileran.
Hitzartzeen bigarren txandan Omniak eta PSE-EEk euren jarrerak berretsi zituzten eta EAJk leporatu zion EH Bilduri araudia bete ez izana. "Jaiak ez dira lekua alderdien pankartak jartzeko eta jartzen badira, jar daitezela baimenarekin. Baimen hori agertzea eskatzen dugu".
EH Bilduk, bere aldetik, oposizioari egotzi zion adierazpen askatasunari buruzko eztabaida abiatzea eta pankarta aitzakia hutsa izatea horretarako.