Urriaren 3tik ikusgai dago Filmin streaming plataforman Los cantos de Ekai. Iñigo Martinez laudioarra da Afra Rigamonti zinemagilearen lehen pelikula luzearen protagonista. Istorio honetan Martinezek hezur-haragitzen du Ekairen papera, eta gizarteak munstrotzat jotzen dituen beste pertsona batzuekin bizi da isolatuta, zentro batean.
Laudioarraren protagonistak ahotsa galtzen du sekretu baten ondorioz, eta oroitzeari ekingo dio edertasunaren eta maitasunaren bila. Sinopsiak berak azpimarratu du filmak surrealismoa eta ametsak uztartzen dituela eta, zentzu horretan, kutsu esperimenatala duela.
Iñigo Martinezek berak deia zabaldu du jendeak pelikula ikus dezan, "jende oso anitza eta zaurgarria" agertzen baita eta "babes emozionala" behar du sare sozialen bitartez egindako "eraso koldarren" aurrean.
Bigarren aldiz antzezle nagusia
Gogoratu beharra dago proiektu honetan protagonista izan baino lehen, Martinezek gauza bera egin zuela Armugan filman, baina bestelako lanak ere egin ditu websaioetan eta, adibidez, Los renglones torcidos de Dios pelikulan.