Omniak gogor kritikatu du udal gobernu taldearen esku hartzea San Rokezar erretiratuen lokalean

Aitor Aspuru Saez 2025eko urriaren 14a

Karmen kalean dago kokatuta San Rokezar elkartearen egoitza. / Aiaraldea.eus

Elkartearen egoitzan jantoki soziala ezartzeko prozesua manipulatu izana leporatu dio talde independenteak udal gobernuari. EH Bilduk aipatu du ostegunean egongo dela batzorde bat horri buruz eta ostean erantzungo duela.

Omniak erabateko desadostasuna agertu du udal gobernu taldearekin San Rokezar erretiratuen elkartearekin izandako harremanari dagokionez. Izan ere, EH Bilduk bultzatu du taldearen egoitzan jantoki soziala irekitzea eta, independenteen aburuz, prozesua manipulatu du.

Omniak jokaera hori identifikatu du elkarteak egindako batzar batean. Bilera horretan udal gobernu taldeko zinegotzi batek parte hartu zuen eta proposatu zien bazkideei bozkatzea ea jantoki soziala eta horretarako beharrezkoak ziren obrak nahi zituzten edo ez. Bazkide gehienek oniritzia eman zioten proposamenari. Talde independentearen ustez, ordea, batzar horretan gainerako zinegotziek ere parte hartu behar zuten, bestelako aukerak edo iritziak aurkezteko. Izan ere, Omniak uste du lokala ez dela egokia jarduera horretarako.

Omniaren ustez, elkarteko kideekin eginiko lehen batzarrean gainerako zinegotziek ere parte hartu behar zuten, bestelako aukerak edo iritziak aurkezteko.

Pasa den asteko batzordea bertan behera

Halaber, pasa den astean gaia lantzeko batzorde berezia deitu zuten Udalean eta San Rokezar erretiratuen elkarteko zuzendaritza ez ezik, elkartearen bazkide gehiago ere agertu ziren. Omniak salatu du parte hartze araudiak soilik baimentzen duela hiru herritar bertaratzea batzordeetara eta, ondorioz, arau hori urratu zela. Hori dela eta, bilera bertan behera uzteko eskatu zuen.

Halaber, alderdi independenteak azaldu du batzordea egin gabe geratu eta gero, udal gobernu taldeko kide batek esan ziela San Rokezar elkarteko bazkideek eurek eskatu zutela bileran parte hartzea, baina eskaera hori Herritarren Arreta Zerbitzuan erregistratu ez denez, gezurtzat jo dute.

Ostegunean batzordea

Aiaraldea Komunikabidea EH Bilduren udal gobernuarekin jarri da harremanetan bere adierazpenak jasotzeko, baina honek erantzun du pasa den astean egin gabe geratu zen batzordea ostegunean izango dela eta horren ostean hitz egingo dutela.

Azken hilabeteetako eztabaida

Jantoki sozialaren, obren eta San Rokezar elkartearen eztabaida ez da berria Laudioko Udalean. Izan ere, abuztuko udalbatzan eztabaida luzea eragin zuen gaiak eta alderdien arteko desadostasuna agerikoa izan zen, oso bestelako irtenbideak proposatu baitzituzten.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide