Javi Gil zuzendariaren eta bere taldearen lanek jarraituko dute hurrengo asteetan bere bidea egiten. Kasurik deigarriena Un trabajo de muerte filmarena izango da, Mexikon hautatu baitute bi jaialditan. Bilboko Hilerriko I. Zinema Jaialdian sortu zuten pelikula eta urrian zein azaroan Mexiko Hirian eta komunitate Maya ezberdinetan proiektatuko dute.
Alde batetik, Noctambulante jaialdiak hautatu du pelikula urriaren 25ean proiektatzeko. Zinemaldi bitxi horren proposamena da jendeak eramatea bere lo zakua eta kanpin-denda Mexiko Hiriko parke batera, non gaueko ordu txikitan beldur eta fantasiazko lanak proiektatuko dituzten. 2008an abiatu zuten jarduera hori.
Bestalde, Vochocinema festibalean ere aukeratu dute laudioarren ekoizpena. Egitasmoa more koloreko Volkswagen 1983 batekin joango da Tomuch herri Mayara. Komunitate horretan ez dute ez elektrizitaterik, ez zinemarik, baina jaialdiko antolatzaileek Hildakoen Egunean pantaila, proiektorea eta bozgorailuak eramango dituzte, beldurrezko filmak eskaintzeko. Ekimenaren helburua da kondaira Mayak, Arimen Gaua eta Hildakoen Eguna uztartzea.
Jaraban irabazle
Horrez gain, El gilipollas del día film laburrarekin sari berri bat irabazi dute laudioarrek Castillo de Jaraba jaialdian. Alto Jalón atalean jaso dute aitortza —euren kideetako bat Jarabakoa baita— eta larunbatean Zaragozako Santa Isabel Erakustaldian proiektatuko dute.
Pelikula labur horrekin Belchiteko zinema lehiaketan ere bigarren saria eskuratu zuten udan.