Javi Gil zuzendari eta gidoilariak beste sari bat eskuratu du Belchite de Película zinema lehiaketan. Jakina, lorpena ez da berea soilik izan, Oier Garcia kamaralariak, Esti Molero, Borja Torralba eta Estibaliz Flecha ekoizle, ekoizle laguntzaile eta scriptek, eta Borja Pelaez antzezleak ere lan egin dute El gilipollas del día film labur umoretsuan. Guztiak dira aiaraldearrak.
Manuel Alcaine zaragozarrak ere bere alea jarri du soinuan eta, barrezka bada ere, Javi Gilek aipatu du Clifford eta Mortadelo txakurrak ere agertu direla pelikulan.
24 ordu pelikula egiteko, lo egin gabe
Belchiteko lehiaketa erronka hutsa da. Izan ere, 24 ordu dituzte taldeek film labur bat sortzeko eta, gainera, ezusteko bi elementu txertatu behar dituzte. Aurten, Luis Buñuel zinemagilea omenduta, "burguesía" hitza eta Viridiana izeneko ardo botila sartu behar zituzten istorioan.
Javi Gilek azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari sekulako beroa egin zuela Aragoiko udalerrian (38 gradu) eta lo egin gabe ekoiztu zutela pelikula. Azkenean, emaitza positiboa izan da, epaimahaia ataka larrian jarri baitute taldeek eta lehia estu horretan aiaraldearrek accesita irabazi dute, 600 eurokoa.
Edizio guztietan
Javi Gilek kide ezberdinekin parte hartu du Belchiteko hitzorduan eta honakoa adierazi du: "Gurea da egindako zortzi edizioetan aritu den talde bakarra. Asteburu honetan izena eman zuten gehienak aurretik ere lehiatu dira eta horregatik nahiko giro familiarra dago".
Zortzi partaidetza horietan lau sari jaso dituzte. Aurtengoa, iazkoa, 2019koa eta 2018koa.