Maderas de Llodio lantegiko beharginak duela 47 egun daude greban, 39 kaleratze eta ekoizpenaren %40ren deslokalizazioa ekiditeko. Gauzak horrela, gaur Gasteizera eraman dituzte euren aldarrikapenak, Arabako Foru Aldundiko egoitza nagusira, zehazki.
Baina elkarretaratzean ez ezik, lan gatazkak isla izan du Aldundiko plenoan ere. Hain zuzen, EH Bilduk iradoki du foru erakundearen inplikazioa eskasa izaten ari dela. Zehazki, Nerea Martinez koalizioko batzarkide laudioarrak galdera zuzenak egin dizkio osoko bilkuran Ahaldun Nagusiari: "Uste al du Diputatu Nagusiak Foru Aldundiak inplikazio nahikoa izan duela gatazka horretan? Zer harreman du ahaldun nagusiak langileen ordezkariekin? Zer neurri zehatz hartuko ditu bitartekaritza lana egin eta 39 langileren enpleguak babesteko?".
Bihar bilduko da Aldundia langileen ordezkariekin
Berez, Diputatu Nagusiak ez du erantzun eta Saray Zaratek hartu du hori egiteko ardura. Ekonomia Garapenaren eta Berrikuntzaren foru diputatuak azaldu du langileak kaleratzeko asmoen berri izan bezain laster jarri zirela harremanetan enpresarekin, eta bilera egin zutela zuzendaritzarekin.
Zaratek ziurtatu du Aldundiak fabrikaren egoeraren gaineko kezka partekatzen duela, eta erakunde publikoaren helburua dela "Maderas ez ixtea eta enpleguak mantentzea".
Horrez gain, argudiatu du aste hauetan guztietan harremanetan egon direla enpresarekin zein langileen ordezkariekin, eta azken hauekin bihar bertan bilduko direla. Zaratek ziurtatu du Aldundiak fabrikaren egoeraren gaineko kezka partekatzen duela, eta erakunde publikoaren helburua dela "Maderas ez ixtea eta enpleguak mantentzea".
Bide horretan, diputatuak hitzez hitz errepikatu ditu iragan astean Reforren Ramiro Gonzalezek eginiko adierazpenak. Ahaldun Nagusiak Amurrioko Refor enpresaldean eginiko jardunaldiak baliatu zituen Aiaraldeko Industria Garatzeko mahaiaren proposamena sustatzeko, eta aldarrikatu zuen Aiaraldeko industriak jarraitzen duela balioa sortzen, “Amurrion bereziki”. Zehaztu zuenez, industriak sortutako Barne Produktu gordina %22,2 hazi da 2015etik 2022ra Amurrion. "Laudion, berriz, igoera hori %3,7koa soilik izan da".
Edonola ere, Martinezek leporatu dio Zarateri enpatia falta izatea grebalariekiko eta gogor kritikatu du Arabako Foru Aldundiaren zein Eusko Jaurlaritzaren jarrera, "ez dutelako benetako inplikaziorik izan".
Argazkiak: Maderas de Llodioko grebalariak