Bihar bilduko da Arabako Foru Aldundia Maderas de Llodioko langileen ordezkariekin

Aitor Aspuru Saez 2025eko azaroaren 5a

Maderas de Llodioko langilea 4 1762357535021
Maderas de Llodioko langilea 1 1762357531456
Maderas de Llodioko langilea 2 1762357532985
Maderas de Llodioko langilea 5 1762357535365
Maderas de Llodioko langilea 3 1762357534181

Hala iragarri du Saray Zarate diputatuak gaur goizeko Aldundiko batzarrean, EH Bilduren galderei erantzunez. Grebalariek elkarretaratzea egin dute Arabako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean bien bitartean. 

Maderas de Llodio lantegiko beharginak duela 47 egun daude greban, 39 kaleratze eta ekoizpenaren %40ren deslokalizazioa ekiditeko. Gauzak horrela, gaur Gasteizera eraman dituzte euren aldarrikapenak, Arabako Foru Aldundiko egoitza nagusira, zehazki.

Baina elkarretaratzean ez ezik, lan gatazkak isla izan du Aldundiko plenoan ere. Hain zuzen, EH Bilduk iradoki du foru erakundearen inplikazioa eskasa izaten ari dela. Zehazki, Nerea Martinez koalizioko batzarkide laudioarrak galdera zuzenak egin dizkio osoko bilkuran Ahaldun Nagusiari: "Uste al du Diputatu Nagusiak Foru Aldundiak inplikazio nahikoa izan duela gatazka horretan? Zer harreman du ahaldun nagusiak langileen ordezkariekin? Zer neurri zehatz hartuko ditu bitartekaritza lana egin eta 39 langileren enpleguak babesteko?".

Bihar bilduko da Aldundia langileen ordezkariekin

Berez, Diputatu Nagusiak ez du erantzun eta Saray Zaratek hartu du hori egiteko ardura. Ekonomia Garapenaren eta Berrikuntzaren foru diputatuak azaldu du langileak kaleratzeko asmoen berri izan bezain laster jarri zirela harremanetan enpresarekin, eta bilera egin zutela zuzendaritzarekin.

Zaratek ziurtatu du Aldundiak fabrikaren egoeraren gaineko kezka partekatzen duela, eta erakunde publikoaren helburua dela "Maderas ez ixtea eta enpleguak mantentzea".

Horrez gain, argudiatu du aste hauetan guztietan harremanetan egon direla enpresarekin zein langileen ordezkariekin, eta azken hauekin bihar bertan bilduko direla. Zaratek ziurtatu du Aldundiak fabrikaren egoeraren gaineko kezka partekatzen duela, eta erakunde publikoaren helburua dela "Maderas ez ixtea eta enpleguak mantentzea".

Bide horretan, diputatuak hitzez hitz errepikatu ditu iragan astean Reforren Ramiro Gonzalezek eginiko adierazpenak. Ahaldun Nagusiak Amurrioko Refor enpresaldean eginiko jardunaldiak baliatu zituen Aiaraldeko Industria Garatzeko mahaiaren proposamena sustatzeko, eta aldarrikatu zuen Aiaraldeko industriak jarraitzen duela balioa sortzen, “Amurrion bereziki”. Zehaztu zuenez, industriak sortutako Barne Produktu gordina %22,2 hazi da 2015etik 2022ra Amurrion. "Laudion, berriz, igoera hori %3,7koa soilik izan da". 

Edonola ere, Martinezek leporatu dio Zarateri enpatia falta izatea grebalariekiko eta gogor kritikatu du Arabako Foru Aldundiaren zein Eusko Jaurlaritzaren jarrera, "ez dutelako benetako inplikaziorik izan".

Argazkiak: Maderas de Llodioko grebalariak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide