Auditoriak ez du balio Udalekuen 60.000 euroko kontratazioa "hatzez" egin zela konpontzeko, EAJren aburuz

Txabi Alvarado Bañares 2026ko martxoaren 4a

EAJko zinegotzi laudioarrak, artxibo irudi batean. / EAJ

Erantzunkizunak eskatu ditu alderdi jeltzaleak, nabarmenduta gertatutakoa ez dela "akats tekniko edo nahi gabeko omisio bat". 

Laudioko EAJk beste prentsa ohar bat plazaratu du Udalekuen kontratazioaren harira. Jeltzaleek duela hilabete bat salatu zuten iazko Udalekuen kontratazioa, 60.000 eurokoa, enpresa bati zuzenean esleitu zitzaiola lehiaketarik egin gabe. "Akats" hori onartu zuen Udalak, eta duela astebete iragarri zuen azken 10 urteetako kontratazioen kanpo-auditoretza bat egingo duela, kontratazioen esparruan "arazo estrukturalak" daudela argudiatuta. 

EAJk begi onez ikusi du neurri hori, baina nabarmendu du horrek ez diola gertatutakoari erantzuten. "Ez dezagun nahastu. Hemen erabaki zehatz, kontziente eta prozedura legalen kontrako batez ari gara", nabarmendu du Ander Larrinagak. Zinegotzi jeltzaleak salatu du gertatutakoa ez dela "akats tekniko" edo "nahi gabeko omisio" bat: "Hemen aldez aurretik jakin zen prozedura ez zela betetzen ari eta, hala ere, aurrera jarraitu zen". 

Gauzak hala, erantzunkizunak eskatu ditu opozisioko talde nagusiak: "Nork zekien zer gertatzen ari zen? Nork utzi zuen? Nork ez du geldiarazi? Galdera horiek erantzunik gabe jarraitzen dute".

"Hemen aldez aurretik jakin zen prozedura ez zela betetzen ari eta, hala ere, aurrera jarraitu zen"

Antzeko adierazpenak egin ditu Ander Añibarrok ere. "Udal bat gobernatzen denean, ezin da 60.000 euro banatu legezko prozeduratik kanpo eta, ondoren, denbora faltagatik justifikatu", azpimarratu du EAJko bozeramaileak, eta ohartarazi du horrelakoak egitea "aurrekari arriskutsua" eragiten duela: "Enpresei aukera-berdintasuna, gastu publikoaren kontrola eta gardentasuna bermatzeko prozedura dago. Saltatzea ez da kontu txikia".

Gauzak hala, EAJk bide egokitzat jo du Etika Batzordea deitzea, "gertatutakoa argitzeko eta Laudioko Udalak legezkotasunaren, gardentasunaren eta kudeaketa onaren printzipioekin duen konpromisoa berresteko".

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide