Eusko Jaurlaritzak alboratu du Larrazabalgo auzokideek eta Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak egindako gora jotzeko errekurtsoa eta erantzun die ez dutela argudiatu proiektuak kalteak eragingo dituenik.
Plataformak, prentsa ohar bidez, adierazi du erakundearen erabakia legezkoa dela formalki, baina ez dela sartu baloratzera aurkeztutako argudioak: "Ezin dute sei aerosorgailutik hirura murriztu den proiektua onartu informazio publikoa eman gabe, proiektu tekniko finalik gabe, edota hirigintza txostenak eguneratu gabe".
Halaber, salatu dute Laudioko eta Amurrioko Udalak Jarraipen Batzordetik kanpo utzi izana irregulartasun zantzua izan daitekela.
Bidea egiteko tartea
Eusko Jaurlaritzak proiektua kautelaz gelditzea baztertu badu ere, plataformak eta auzokideek aipatu dute Industria Sailaren erabakiak ez duela prozedura bukatu eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteko aukera dagoela oraindik.
Horretarako bost arrazoi nagusi baliatuko dituzte. Alde batetik, aurkeztutako proiektua eta onartutakoa ezberdinak direla, udal hirigintza araudiekin ez dela bateragarria, proiektuko aldaketen informazioa falta dela, Udalak alboratu dituztela eta lurraldean zein ingurumenean kalte konponezinak eragingo dituela.