Kulturlab ekimenetik urteak daramatzazue erakusketak antolatzen Elizalde kalean duzuen espazioan. Zergatik erabaki duzu orain zu sortzaile moduan bertan esposatzea?
Hori bai dela tristea (barreak). Egia da jendeak esaten zidala egin behar nuela, baina egia da ere momentuz ez dugula ezer jaso diru aldetik. Ez genuen espazioa itxita izan nahi, eta horregatik egin dut nik (barreak).
Aurten nahiko berandu doaz dirulaguntzak, eta horrelako toki bat duzunean pena da irekita ez izatea, eta gure nahia denez artistei ordaintzea, diru hori izaten saiatzen gara.
Erakusketa erabat koiunturala da, beraz.
Nik uste dut baietz, nahiz eta beti dudan horrelakoak egiteko nahia herrian ere. Ni normalean bigarren planoan geratzen naiz, nahiago dudalako besteen lanak bultzatzea, ez nireak. Bestela badirudi horrelakoetan sartuta zaudela esateko: “begira, hemen nago!” (barreak).
Zer egin duzu orduan, jada prestatuak zenituen obrak ekarri edo zeozer espezifikoagoa prestatu?
Erakusketa instalazio moduan sortzen da, baina materialak bazeuden eginda. Tailerrean nituen hainbat pieza aukeratu ditut, hona ekarri eta euren arteko solasaldi bat sortzeko. Gustatzen zait site especific deritzon lana egitea, espazioa ikusita zerbait eginez. Kasu honetan saiatu naiz beste gauza bat egiten, erlazioak sortzen piezen artean.
"Tailerrean nituen hainbat pieza aukeratu ditut, hona ekarri eta euren arteko solasaldi bat sortzeko"
Piezek zentzu berriak lortzen dituzte orduan.
Hori da. Lan egiteko bi modu ezberdin direla esan daiteke. Tailerrekoa dago alde batetik. Bazaude margotzen eta heltzen da une bat zeinetan lana amaitutzat ematen duzun. Erakusketa baterako orokorrean pintoreak egiten duena bada emaitza horiek eramatea.
Baina niri gehiegi gustatzen zait espazioa. Bertara iristen naizenean beste gauza batzuk sortzen ditut, espresuki horretarako. Badago zerbait aurretik egindakoa, erraztasun batekin hasteko agian, baina beti kontuan izanda tokiaren arkitektura.
Kasu honetan ere saiatu naiz horrelako zerbait egiten. Egia da banituela gogoak ziklo bat amaitzeko. Hemen dauden piezak azken hamar urteetan daude eginda…
Hori galdetu nahi nizun. Duela hamar urte inguru egin nizun elkarrizketa bat, eta esango nuke orain ikusgai dituzun piezak estilo aldetik badutela antzekotasuna ordukoekin, kanpotik ikusita behintzat. Hamar urte iraun du zikloak?
Uste dut aipatzen duzun elkarrizketa 2016an egin zenidala, eta garai hartan tesia prestatzen nengoen dagoeneko. Amaitu nuen, eskerrak (barreak), eta tesiarekin batera proposatu nituen horrelako erakusketa batzuk, niretzat ariketak zirenak. Teorikoki ikertzen nuena saiatzen nintzen egiten ere espazio ezberdinetan.
Egia da erabili ditudala gauza batzuk une horretan jada hasita nituenak. Paper hori da lehena (erakusketako irudietako bat seinalatzen du), beste guztia ez. Horrek bai markatzen duela estilo bat. Organikotik pasa nintzen geometria sortzera.
Bakarrik geratu nintzen gainera. Banuen enpresa bat beste kide batekin, baina heldu zen une bat zeinetan banatu ginen, bera hasi zelako irakaskuntzan lan egiten. Oihalak eta paperak gehiago lantzeari ekin nion orduan. Beste estilo bat proposatu nahi nuen, beste izen batekin, ezberdintzeko.

Orduan hasi nintzen geometria gehiago lantzen. Errazago egiten zitzaidan modu horretan esku hartzea espazioan. Bi bide horiek daude pixka nahastuta. Lan horrek aukera ematen zidan baita material berriak ikertzeko ere.
Adibidez, sartu zarenean pentsatu duzu ezin zela zapaldu, ez? (erakusketako margolan batzuk lurrean kokatuta daude). Egia da zikintzen dela eta gauzak hiltzen doazela nolabait. Baina hemen agertzen diren gauzetako batzuk dira paperak, moketa, sintasola, kartoia… koadroan zegoena beste euskarri batzuetara pasatzea bilatu dut, bizitzan erabiltzeko, gaurkotasunarekin kontaktu bat izateko. Habitar la pintura zen nire tesiaren izenburua, eta hori nuen helburu. Erakusketa honen titulua Leku bat izan da: leku bat izan esateko bakoitzari zer den, nor den edo zer sortzen den. Ni pinturaren bitartez saiatzen naiz espazioak sortzen bizi ahal izateko.
Zerk markatuko du zure ziklo aldaketak?
Eibarren izan dut erakusketa kolektibo bat. Bertan proposamen bat egin nuen figurazioari lotuta. Hemen koadro figuratibo bakarra daukat, beste margolan handiago batekin erlazionatua zegoena, zerikusia zuena El maestro que prometió el mar pelikularekin. Oso filma ederra da hori niretzat.
Eibarreko erakusketako partaide guztiak ginen irakasleak, eta bertan gehiago hitz egin nuen irakaskuntzari buruz pinturari buruz baino. Filma horretan sartu nintzen buru-belarri, maite dudalako eta ni bertako protagonista den irakaslea bezalakoa izan nahi dudalako. Omenaldi bezala egin nuen eta koadro honetan ikusten da sinbolikoki nola emakume batzuk heldu ziren itsasora, eta lortu zutela, nolabait, askatasuna.

Hor figura dago margotuta, beste gauza batzuk ere agertzen diren arren. Udan egon nintzen horrelako figurazio txikiak egiten, eta orain banago une batean zeinetan pentsatu nahi dudan nola integratu koadroetan ere figurazio hori, baina agian margotu gabe.
Ez dakit. Horretan nago, horregatik diot beste pauso bat eman behar dela… Nik nahiago dut abstrakzioa, beste aukera batzuk ematen dizkidalako koadro berarekin beti lanean jarraitzeko. Argazkiak egiten dizkiet margolanei eta gero horiek editatzen ditut ordenagailuan, ateratzen ditut beste euskarrietan… askotan formatu hori berriro izaten da oihala, eta mihise horretan jarraitzen dut margotzen, egiten dut berriro argazkia eta jarraitzen dut… figurazioa dagoenean askotan koadroak ez dauka horrenbeste bizitzarik, amaitutzat ematen duzu edo aldaketak egiteko kasik desagertzen de marraztutako figura hori. Orduan nago ikertzen nola kudeatu haien arteko elkarrizketa, abstrakzio margotuaren eta ez dakit zer nolako figurazio motaren artean.
"Nik nahiago dut abstrakzioa, beste aukera batzuk ematen dizkidalako koadro berarekin beti lanean jarraitzeko"
Ikerketa betean murgilduta zaude. Epe ertainean tailerrean egongo zara gehiago erakusketetan baino?
Bai, beno, bietan batera pixka bat. Azken finean, aukerak ateratzen direnean saiatzen naiz horiei erantzuten. Udan erakusketa bat izango dut Gasteizko Zas aretoan. Ez dakit bertan zerbait gehiago ikusi ahalko den edo ez (barreak).
Hemen dagoenaren moldaketa bat izango da?
Ziur espazioa zeozer berezia egongo dela , hori jada pentsatua eta diseinatua dudalako nolabait. Pintura ere egongo da, baina eskultura instalazio bat izango balitz bezala ia, hori ere badut pixka bat lotuta. Figura zein izango den ez dakit baina badakit non egongo den. Lehenengo proba izango da, gero horrekin jarraitzeko agian. Ikusiko dut, ez dut guztiz itxita.
Koadroak soilik ez, objektu asko ere ditut, ikerketa oso sakona egin dudalako. Hogei urte eman ditut horretan lanean, eta pena ematen du ez ateratzea, tailerrean geratzen direlako.
Kulturlabi buruz mintzatzera igaroko gara orain. Urteak daramatzazue erakusketa eta kultur ekitaldiak antolatzen, espazio honetan zein Lamuza parkean. Nola baloratzen duzue eginiko ibilbidea? Zeintzuk dira epe labur eta ertainera begira dituzuen helburuak?
Urte nahiko interesgarriak izan dira. Sare txiki bat osatu dugu, herrian zer dagoen ikusiz. Badago gehiago, baina askotan zaila da azaleratzea.
Elkartea zabaldu nahiko genuke, jendeak jakin dezan ez dela zerbait itxia. Guk beti esaten dugu hasi ginenean oso zaila zela gauzak azaltzea erakutsi gabe. Nahi genuen herrian gauzak gertatzea, baina ez badugu martxan jartzen politikariek gehienbat ez dute ezer ulertzen.
Beti egon gara parkera lotuta. SOS Lamuza Parkearekin hasi zen dena. Ni sartu nintzenean SOS Kultura zen gehiago (barreak). Kultur etxea zena itxi zuten eta momentu gogorrak izan ziren erabiltzaileentzat, tailerrak eta abar zeudelako bertan. Nire iritziz, posiblea zen bertan beste gauza batzuk gehitzea. Izan ere, ez bazaude toki zehatz batean izena emanda ez duzu espaziorik. Ama bezala ikusita, pentsatzen nuen posiblea zela parkea denona izatea, edozein unetan sartu, zer dagoen ikusi eta espazioaz gozatu ahal izatea.

Nik uste hori zela taldearen nahia ere; eta, aldi berean, arte garaikidea bultzatzea. Une horretan Laudion ez zen halakorik ikusten, Faktorian agian bai, baina herri erdian ez. Guk gogoratzen dugu, nagusiagoak garelako, gaztetan Laboral Kutxak bazuela areto bat hemen, eta aukera zegoela sartzeko. Igual ez zen hain garaikidea, baina pintura eta eskultura ikusten ziren behintzat.
Horrekin lotuta, amestu nahi genuen, horrelako espazio arkitektoniko eta natural bat nola kudeatu zitekeen pentsatuz, berriro beteta ikusteko. Uste dut gaur egun ez goazela asko bertara.
Probak egiten egon gara urte hauetan. Hortik dator Kulturlaben ‘lab’ hori, laborategitik. Ikustea nola funtzionatzen duten hitzaldiek, tailerrek…
"Argi dago horrelako espazio txiki batean ezin direla bi jarduera aldi berean gauzatu. Artearentzat espazioak eskatzen ditugunean esaten digute agian batekin nahikoa dela. Baina agian ez"
Baldintzak sortzea, alegia.
Hori da. Argi dago horrelako espazio txiki batean ezin direla bi jarduera aldi berean gauzatu. Artearentzat espazioak eskatzen ditugunean esaten digute agian batekin nahikoa dela. Baina agian ez. Bat izatea beharrezkoa da erakusketak egiteko, baina behar dira bestelakoak ere, sortzeko edo lan egiteko.
Horretan egon gara azken urteetan. Azken urtean sekulako lana egin dugu Cultiva enpresarekin batera, Udalak kontratatu zuelako Kultura plana aurrera atera eta parkean zer gertatuko zen pentsatzen laguntzeko. Kultur Kontseilutik pertsona batzuk beste talde bat egin genuen eta astero egon gara biltzen, espazioak banatzen saiatzeko, kudeaketa ereduak aztertzeko… bide horretan onartu egin da espazioen banaketa. Kontseiluan adostu da espazio ezberdinak egon daitezkeela kulturgune berrian, eta hori aurten saiatuko gara garatzen, urritik aurrera.
Diozun moduan, Lamuza parkean ziklo berri bat hasiko da laster, obrak amaituta.
Guk lokal honetan jarraituko dugu beste urtebetez, guk eskatutako dirulaguntzak hona bideratuta daudelako, Vital Fundazioarena kasu. Baina eurekin harremanetan ari gara laguntza hori parkera mugitzeko, bertan gertatu behar diren gauza guztiak ekonomikoki kudeatu behar direlako.
Kulturlaben egitasmoa parkera doa, beraz.
Hori da gure helburu nagusia. Hori bai, beti diogu Kulturzaleak elkartea desagertzeko jaio zela. Guri gustatuko litzaiguke sare horretatik jende ezberdina ateratzea, prest egongo litzatekeena laguntzeko. Helburu nagusietako bat bada ere kulturaren bidez lanpostuak sortzea. Edozein proiektu aurrera ateratzeko inportanteena niretzat badira pertsonak. Pertsona horiek baldin badaude izango dira gai seguraski aurrera eramateko proiektu polit bat, eta horretarako denbora badago beste modu batean garatu daiteke, hezkuntza zentroekin edota bestelako eragileekin elkarlanean, zerbait berria sortzeko guztien artean.