Erasotua izan da Sumud Lurreko Konboia eta kanpamentutik alde egin behar izan dute parte hartzaileek

Maider Ramirez Martin 2026ko maiatzaren 25a

Sirte hiritik gertu kanpatu dute Konboiko kideek azken egunetan.

Ezezagunek kanpamentuko jendea kolpatu, ibilgailuetara indarrez sarrarazi eta lekua uztera behartu dutela salatu dute elkartasun ekimenaren antolatzaileek. Libiako hiriburura bidean dago Haizea Urkixo laudioarra.

Libian egunak blokeatuta daramatzan Sumud Lurreko Konboia gaur gauean erasotua izan dela salatu dute. Sirteko aldirietan kokatutako kanpamentura heldu dira ezezagunak eta bertan zeuden ekintzaileen aurka oldartu dira: kanpin-denden kontra jo dute ibilgailuetan, jendea autobus eta autoetan indarrez sarrarazi dute eta lekua uztera behartu dituzte beste batzuk. 

Partaide guztiek utzi dute kanpamentua dagoeneko, eta batzuek arreta medikoa behar dute.

Erasoaren atzean nor dagoen argi ez duten arren, Libiako mendebaldeko agintariekin lotutako indarrak direla helarazi diete Konboiko parte-hartzaileei.

Gertakarien ondorioz, ekintzaile bat ospitalera eraman dute buruan kolpea jaso duelako. Gainera, alde egin nahi ez zuten eta meskitan babestu diren 23 emakumeri gasa bota diete eta indarrez arrastaka atera dituzte. Jakinarazi dutenez, denek utzi dute kanpamentua dagoeneko, eta batzuek arreta medikoa behar dute.

Gazara laguntza humanitarioa helarazi nahi duen ekimenean parte hartzen ari da Haizea Urkixo laudioarra eta familiak Aiaraldea Komunikabideari jakinarazi dionez arriskutik kanpo dago bera, Tripolirako bidean Konboiko beste ekintzaile batzuekin batera. Hala ere, ezjakintasun handiko egoera da azken egunetan bizitzen ari direna. 

Atzo saiatu zen Konboia Libiako ekialdeko muga zeharkatzen, baina indar militarrekin negoziatzera joandako hamar herritarrak atxilotu zituzten Libiako Indar Armatu Arabiarrek eta ekialdeko Libiako agintariek. 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide