AP-68aren doakotasuna exijitu dute Laudioko Udal Osoko Bilkuran

Txabi Alvarado Bañares 2026ko maiatzaren 27a

Plataformako kideak, udaletxeko sarreran. / Aimar Gutierrez Bidarte (Aiaraldea.eus)

Mozioa aurkeztu zuen astelehenean AP-68 dohainik plataformak. EH Bilduk testu alternatibo bat proposatu zuen, eta beste bat EAJ eta PSE-EEk. Tentsioz betetako eztabaida baten ostean, ez zen proposamen bat bera ere ez onartu. 

Mozioa aurkeztu zuten AP-68 dohainik plataformako kideek astelehenean Laudioko Udal Osoko Bilkuran. Izan ere, Arabako Foru Aldundiaren eskuetara pasa da autobidearen kudeaketaren ardura, eta erakunde publikoak hainbat urrats eman ditu dagoeneko ordainketa sistema berria ezartzeko. Horri lotuta, ordainsaria "erdira baino gehiago" merketuko dutela iragarri zuen Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusiak iaz

Baina plataformako kideak ez daude horrekin ados. Orain arte bezala, autobidea erabat doakoa izan behar dela aldarrikatu zuten udalbatzan, nabarmenduz ez dutela inolako kuotarik onartuko, hauek oso txikiak izanda ere.

Izan ere, euren ustez, autobideagatik ordaintze hutsak diskriminazio egoera bat sortzen du aiaraldearrekiko, Arabako beste udalerrietan ez dutelako ordaindu behar Gasteizera mugitzeko, besteak beste. 

Horri lotuta, aldarrikatu zuten ezin direla “autopistak egon aberatsentzat eta bigarren mailako errepide arriskutsuak pobreentzat” eta datu bat jarri zuten mahai gainean: Araban iaz trafiko-istripuetan hildako pertsona guztiak zendu ziren bigarren mailako bideetan. 

Plataformako kideek aldarrikatu zuten ezin direla “autopistak egon aberatsentzat eta bigarren mailako errepide arriskutsuak pobreentzat”.

Horrez gain, plataformako kideek argudiatu zuten bidesariak egoteak enpresak eskualdetik uxatzen dituela, eta errepidearen alboan lantegiak kokatzea galarazten duela. 

Tentsio uneak

Tentsio uneak egon ziren osoko bilkuran plataformako bozeramailearen hitzartzearen ondorioz, aipu zuzenak egin zituelako udal ordezkarien eta euren alderdi politikoen inguruan.

Desadostasuna izan zen nagusi: Omniak baino ez zuen plataformaren mozioa babestu. EH Bilduk testu alternatiboa aurkeztu zuen, eztabaida Foru Aldundira eraman behar dela aldarrikatuz, "azarorako argitu behar delako nork finantzatuko dituen errepideak".

EAJk eta PSE-EEk beste testu bat proposatu zuten, gutxieneko kuota batzuk egon behar direla defendatuz, Europako irizpideek hala eskatzen dutela argudiatuta. Jarrera bera errepikatu zen bi mozioen bozketan: Bakoitzak berearen alde egin zuen eta besteen aurka, eta Omnia bi proposamenen aurka lerratu zen. Ondorioz, ez batak ez besteak ez zuten aurrera egin. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide