AP-68 autopistako ordainsaria "erdira baino gehiago" jaitsiko du Arabako Foru Aldundiak legealdia amaitu baino lehen. Hala ziurtatu zuen Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusiak atzo Amurrion Arabako EAJk eginiko ekitaldian.
Egungo legealdia 2027ko maiatzera arte luzatuko da. Autobidearen egungo kontzesioa, aldiz, 2026ko azaroan amaituko da, eta orduan pasako da autobidea Aldundiaren eskuetara. AVASA enpresak kudeatzen du egun azpiegitura.
2024an Idom S.A. enpresaren zerbitzuak kontratatu zituen Aldundiak, autobidean balizko kanon bat ezartzeko "alternatiba teknologiko egokienak aztertu eta zehazteko", behin esleipena amaituta. Hala ere, orduko hartan ez zuen zehaztu azpiegitura ordaindupekoa izaten jarraituko zuen edo ez.
AP-68 dohainik plataformak, aldiz, autobidearen erabilera dohakoa izan beharko litzatekeela aldarrikatu du azken urteetan, Laudio-Bilbo tartea Espainiako estatuko errepide sarearen laugarren zatirik garestiena dela nabarmenduta.