Arabat sozietate publikoak Autopistas-Gertek-Altuna y Uría aldi baterako enpresa-elkarteari esleitu dizkio AP-68ko ordainketa sistema berria atontzeko lanak, 37.234.389 euroren truke, BEZ gabe.
Azaldu dutenez, sistema berria ezartzeko behar diren obra guztiak barnebiltzen ditu kontratuak, eta baita ekipo teknologiko guztiak instalatzea ere. "Horrez gain, kontratuak barne hartzen du merkataritzako backoffice bateratua garatzea, bai AP-68rako, bai etorkizunean ezarriko duten edukiera handiko gainerako bideetarako", gaineratu dute.
Azaldu dutenez, backoffice horrek "edukiera handiko bideetako joan-etorrien kudeaketa integratua" errazten du, "fakturazioari, kobrantzari, erabiltzailearen arretari, erreklamazioen kudeaketari eta finantza kontrolari dagokienez". Gainera, enpresaren gain geratuko da sistema operatibo osoaren kudeaketa lehen bost urteetan.
Kontratua irabazi duen enpresak 14 hilabeteko epea izango du proiektua prestatzeko, eta beste 50 aste obra guztiak egiteko. Azaldu dutenez, sistema berria "faseka" ezarriko da, "behar diren probak egiteko eta haren fidagarritasuna eta funtzionamendua erabat bermatzeko".
Doakotasuna aldarri
Azken urteetan ugaritu egin dira AP-68 autobidearen doakotasunaren aldeko ahotsak. 2021ean sortu zen AP-68 dohainik plataforma, eta hainbat ekimen egin dituzte ordutik hona.
Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusiak, bere aldetik, "legealdi honetan" AP-68 autopistako ordainsaria "erdira baino gehiago" merketuko dutela ziurtatu zuen.