Aretako Kultur Etxeko egoera izan zuten hizpide atzo Laudioko Udal Osoko Bilkuran, bertako komunitatea osatzen duten dozenaka bizilagun bertaratu baitziren, egoera behingoz bideratzea eskatzeko. Aretarrek ibilaldia egin zuten udaletxeraino, eta hitza hartu zuten bertan, euren aldarrikapenak plazaratzeko.
Kultur Etxeko kideek azaldu zutenez, 2019an hasi ziren bilerak espazioaren kudeaketaz hitz egiteko. “Zazpi urte pasa dira, bi gobernu taldetatik igaro gara, eta baita hainbat kultura zinegotzitatik ere”, nabarmendu zuten, eta aitortu zuten hainbat urrats eman direla denbora honetan guztian: eraikinaren titulartasuna norena zen argitu da eta obrak egin dira, besteak beste.
Baina oraindik ez da ebatzi Kultur Etxearen behin betiko kudeaketa sistema, eta horrek espazioa kudeatzen duen batzarraren gain uzten du lan guztia, “modu erabat boluntarioan” egiten dena.
Atzoko udalbatzan zehaztu zutenez, zazpi elkartek erabiltzen dute eraikina egunerokoan, bederatzi tailer finko eskaintzen dituzte, eta bizilagun ugarik ere baliatzen dute espazioa bilerak edota bestelako jarduerak egiteko.
"Oraindik ez da ebatzi Kultur etxearen behin betiko kudeaketa sistema, eta horrek espazioa kudeatzen duen batzarraren gain uzten du lan guztia, “modu erabat boluntarioan” egiten dena"
Gauzak hala, “alde batera utzi ezin den ondasun publiko” gisa definitu zuten Kultur Etxea, eta egoera bideratzeko mahai bat eratzea eskatu zieten talde politiko guztiei, “behin betiko akordioa” lortzeko.
Talde politikoen konpromisoa
Talde politiko guztiek hitz egin zuten aretarren hitzartzearen ostean. Denek jarri zuten balioan Kultur Etxean egiten den jarduna, eta mahai bat eratzeko prestutasuna erakutsi zuten. Dena dela, Omniak zein EAJk nabarmendu zuten udal gobernuari dagokiola oposizioko gainontzeko taldeekin akordioetara iristea, gutxiengoan dagoela gogorarazita.
Aretako bizilagunen bozeramaileek begi onez ikusi zuten alderdien prestutasuna, baina “nekatuta” daudela ere jarri zuten mahai gainean: “Hitzak ondo daude, baina ekintzak behar ditugu. Pilak jarri guztiak eta akordio batera iritsi zaitezte”.
Argazkiak: Aimar Gutierrez Bidarte