JEZen mendeurren ekitaldia aprobetxatuz, LAB sindikatuko ordezkariek gutuna igorri diote Imanol Pradales lehendakariari; "Maderas de Llodio enpresako langileek bizi duten egoera larriaren inguruko kezka", adierazteko asmoz. Parez pare daude JEZ eta Maderas de Llodio lantegiak, eta JEZeko beharginek greba mugagabean 250 egun bete dituzten kideekin elkartasuna adierazi nahi izan dute horrela. Hemen irakurri daiteke gutuna osorik.
"Sindikatu gisa eta ondoko enpresa bateko langile garen aldetik, ezin dugu halako gatazka baten aurrean axolagabe geratu. Premiazkoa dela uste dugu euskal erakundeek beharrezko mekanismo politiko, instituzional eta industrial guztiak aktibatzea, enplegua mantenduko duen eta jardueraren jarraipena bermatuko duen benetako irtenbide bat bilatzeko", azaldu dute lehendakariari luzatutako gutunean.
Bide horretan, erakundeen inplikazioa eskatu dute, "langile klasearen zein Aiaraldeko industria sarearen defentsa erdigunean jarriz". LABeko atal sindikalaren iriziz kontraesankorra da duela aste gutxi Murgako Etorkiren instalazio berrien inaugurazioan "0 kilometroko pinuaren eraldaketan aritzen diren enpresak estrategikotzat jotzea", eta, era berean, "EAEko pinua erabiltzeari utzi eta Frantziatik ekarri eta Errioxan eraldatzeko erabakia hartu duen enpresa batean lan-gatazka zabalik egotea".
"Horregatik guztiagatik, JEZeko LAB atal sindikaletik premiaz eskatzen dizugu Eusko Jaurlaritzak Maderas de Llodio auziari irtenbidea emateko eta bertako langileen etorkizuna bermatzeko bide posible guztiak sustatu eta aktibatzea", galdegin diote lehendakariari.
Erantzuteko konpromisoa hartu du Lehendakariak
LABeko JEZeko kideek azaldu dutenez, dei bat jaso dute gaur arratsaldean Jaurlaritzako prentsa arduradunen partetik, Lehendakariak gutuna jaso duela eta erantzuteko konpromisoa hartu duela esanez.