JEZ enpresak bere lehen mendeurrena ospatu du Lehendakariaren bisitarekin

Aitor Aspuru Saez 2026ko maiatzaren 29a

JEZ enpresak 100 urte bete ditu aurten eta gaur ekitaldi garrantzitsua egin du Laudioko lantegian. Imanol Pradales Lehendakariak, Mikel Jauregi Industria Sailburuak, Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusiak eta Ainize Gastaka Laudioko alkateak parte hartu dute, besteak beste.

Gaur egun garrantzitsua izan dute Laudioko JEZ Voestalpine enpresaren lantegian. Izan ere, proiektuak 100 urte bete ditu eta mendeurrena ospatzeko ekitaldia deitu dute. Ordezkari publiko ugari bertaratu dira fabrikara: Imanol Pradales Lehendakaria, Mikel Jauregi Industria Sailburua, Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusia, Ainize Gastaka Laudioko alkatea, Iñigo Martinez zinegotzia eta Juan Antonio Sanchez Corchero SEAko presidentea, besteak beste, baita hedabide mordoa ere.

12:00ak aldera heldu da Laudiora Imanol Pradales eta berarekin hasi da jarduera. Lehenik eta behin, lantegiko ekoizpen toki nagusiak azaldu dizkiote eta gero ekitaldi publikoaren ordua heldu da.

Hizlarien artean Helmut Kreiter Voestalpine taldeko ordezkaria egon da. Kreiter 1990eko hamarkadan hasi zen lanean Laudion eta oroitu du oso garai latzak zirela krisialdi ekonomikoaren ondorioz. "%15eko interesak ordaintzen genituen", nabarmendu du. Dena den, egoerak hobera egin zuen eta 2000ko hamarkada oso ontzat jo du. 

Kreiterrek aldarrikatu du egindako lanari, inbertsioei eta ibilbideari esker JEZ Voestalpine munduko trenbide hornitzaile nagusia bilakatu dela, abiadura handian, adibidez.

Europako etorkizuna gakoa

Enpresako ordezkari austriarrak Laudiotik harago zabaldu du begirada eta munduari erreparatu dio bata bestearen atzean gertatzen ari diren krisialdiak aipatzeko, Irangoa oraingoa. Halaber, Kreiterrek ohartarazi du Europako aliatu historikoak ez direla jadanik lagunak eta kontinentea prestatu behar dela, bere balioak baitira zuzenenak: "Demokrazia liberala".

Bai Voestalpineko ordezkariak zein Imanol Pradalesek ohartarazi dute nazioarteko egoerak behartu duela Europa neurri estrategikoak hartzera eta trenbideen industria indartu behar dela azpimarratu dute.

Ataka horretan, austriarrak europartasuna indartzeko beharra azpimarratu du eta horretan kokatu du JEZ Voestalpine, ez bakarrik industria handia delako, baita defentsan estrategikoa delako ere.

Urtsa Erraztiri hitza

Voestalpine taldeko kidearen ondoren, Urtsa Erraztik ekin dio solasteari. Bera historiara so jarri da ikuspegi familiarra baliatuta. Izan ere, bere senideek abiatu zuten konpainia 1926an eta guda ostean Frankismoak inkautatu zuen fabrika. 

Enpresa berreskuratu ondoren eta Bilboren zabalpena ikusita, Errazti familiak erabaki zuen kanpora eramatea lantegia eta Laudio hautatu zuten horretarako. 

1990ean, bere aitak behartuta, aitortu duenez, Urtsak ardurak hartu zituen JEZen, egoera kritikoa baitzen. Orduan konturatu ziren ezin zirela Renferen menpekoak izan eta mundura ireki behar zirela ulertu zuten.

Hala ere, "mundua leku oso hotza zen", are gehiago Voestalpine bezalako erraldoiekin lehian egon behar zirenean. Ondorioz, talde austriarrarekin batu zituzten indarrak, bereziki, zeukaten gaitasun finantzarioaz profitatzeko.

Urtsa Erraztik harrotasunez aldarrikatu du bere familiako laugarren belaunaldia lanean dagoela JEZ enpresan.

Bien arteko integrazioa bikaina izan zela azpimarratu du Erraztik eta emaitza onak utzi dizkie. Esaterako, Euskal Herriko Iparraldean irekitako MCA enpresa aipatu du: "Han egon zen nire familia erbestean eta 2009an ondo doan lantegi bat irekitzea ametsa bihurtzea izan da".

Edonola ere, 2019an Errazti familiak JEZen zituen ardurak atzean utzi eta Voestalpinerena bilakatu zen fabrika %100ean. Urtsaren aburuz, esku onenetan geratu da proiektua.

Halaber, enpresako kide ohiak gogoratu du bere familiak jarraitzen duela harremana izaten JEZekin (laugarren belaunaldia jadanik) eta 26 senidek han egiten dute lan. Opari bana eman diote horietako bakoitzari. 

Imanol Pradalesentzat, funtsezko industria

Azkenik, Imanol Pradales Lehendakariaren ardura izan da ekitaldia ixtea. Eusko Jaurlaritzako buruak hitz onak baino ez ditu izan JEZ Voestalpine eta trenbidearen industriarentzat, "Euskal Herriko oinarri industrialetako bat" baita.

Helmut Kreiterrek egin bezala, Pradalesek ohartarazi du Europa egoera berri baten aurrean dagoela eta bere merkatua eta izaera indartzera begirako neurriak hartuko dituela nabarmendu du.

Lehendakariaren aburuz, trenbideen jarduera ekonomikoa ezinbestekoa da planteamendu horretan eta horregatik EAE planen barruan aintzat har dezaten eskatzen ari dira.

Hiru hizlarien eskerren ostean (langileei, bezeroei, erakundeei...) alde instituzionala amaitu dute eta hamaiketakoa dastatzeko parada izan dute bertaratutako guztiek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide