Maderas de Llodio greba mugagabean

Protesta artean jaso dute Imanol Pradales lehendakaria Maderas de Llodioko langileek

Aimar Gutierrez Bidarte 2026ko maiatzaren 29a

Maderas de Llodioko grebalariek protesta artean egin diote harrera JEZ enpresaren mendeurrenera bertaratu den Imanol Pradales lehendakariari. JEZeko eta Tubos Reunidoseko beharginen babesa ere izan dute.

Txistu eta oihu artean iritsi da Imanol Pradales lehendakaria JEZ enpresaren mendeurren ekitaldira. Izan ere, Maderas de Llodioko grebalarien piketearen aurretik igaro behar izan da JEZera iristeko. Iragan asteazkenean gainditu zuten 250. greba eguna Maderas de Llodioko beharginek. Presentzia poliziala nabaria izan da goizeko lehen ordutik, eta kordoi-polizial handi baten atzetik egin du fabrikara sarrera lehendakariak.

Maderas de Llodioko langileak ez ezik, JEZ eta Tubos Reunidoseko beharginak ere izan dira protestan. Hain zuzen ere, LABek oharra kaleratu du Maderas de Llodioko langileei elkartasuna adierazteko. Gainera, gutuna igorri diote lehendakariari, Maderas de Llodioko lan-gatazkan erakundeen inplikazioa galdeginez.

"Uste dugu ekitaldi honek duen arreta politiko eta mediatikoak balio behar duela gatazka honi irtenbidea emateko premiaren berri emateko ere. Ezinbestekoa da gure eskualdean enplegua mantentzeko mekanismo guztiak aktibatzearen alde egitea, eta halako gatazken aurrean erantzukizun politikoak hartzea, langile klasea baztertu gabe", adierazi du LAB sindikatuak kaleratutako oharrean.

Lantegi barruan entzun ahal izan dira piketeko oihuak, zeinek inplikazioa eskatzen zioten Lehendakariari Maderas de Llodioko lan gatazkarekin amaitzeko.

Argazkiak: Naia Vallejo Torres

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide