Laudio Goikoaren itxiera atzeratzea lortu duela aldarrikatu du herriko EAJko taldeak, Hezkuntza Saileko ordezkariekin bildu ostean. Zehazki, honako hau da jeltzaleek Jaurlaritzatik lortu duten konpromisoa: “kaltetutako familiekiko elkarrizketa mantentzea eta aurten ere lanean jarraitzea, prozesuaren antolamenduaren eta emozioen eragina minimizatzeko irtenbide adostu bat bilatzeko”.
Alderdi jeltzaleko Laudioko kideek balioan jarri dute azken egunetan garatu duten “elkarrizketa eta harreman instituzionaleko lana”. Euren hitzetan, “izandako harremanak balio izan du horrelako erabakiei plangintza, sentsibilitate eta koordinazio instituzionalarekin ekiteko beharra zuzenean helarazteko, hezkuntza-komunitatean bat-bateko inpaktuak saihestuz”. Horri lotuta, azpimarratu dute “lehentasuna” izan behar dela “hezkuntza-kalitatea, ikasleentzako arreta egokia eta udalerriko hezkuntza-baliabideen egonkortasuna bermatzea, bereziki laguntza-premia espezifikoak dituzten ikasleei eragiten dieten kasuetan”.
Zehazki, honako hau da jeltzaleek Jaurlaritzatik lortu duten konpromisoa: “kaltetutako familiekiko elkarrizketa mantentzea eta aurten ere lanean jarraitzea, prozesuaren antolamenduaren eta emozioen eragina minimizatzeko irtenbide adostu bat bilatzeko”.
Gaur emandako albistearekin, jeltzaleek berretsi nahi izan dute prest daudela “Hezkuntza Sailarekin eta udalerriko hezkuntza-komunitatearekin elkarlanean jarraitzeko”. Izan ere, euren ustez, “gakoa” da “datozen hilabeteetan modu koordinatuan lan egiten jarraitzea, ikasleentzat eta haien familientzat ahalik eta aukerarik onena aurkitzeko".
Ander Larrinaga zinegotzi jeltzaleak asteleheneko Udal Osoko Bilkuran aurreratu zuen elkarrizketetan zeudela Hezkuntza Sailarekin, eta “hainbat alternatiba” aztertzen ari zirela.
Laudioko Udalaren oharra
Laudioko Udalak ere oharra plazaratu du atzo goizean Arabako Hezkuntzako delegatuarekin izandako bileraren nondik norakoak azaltzeko. Tokiko erakundeak aburuz, “hezkuntza zentroaren etorkizunean emango diren pausoei buruzko xehetasun gutxi eman dira oraingoz, eta hainbat alderdi zehazteke daude oraindik”.
Gurasoak, informaziorik gabe
Aiaraldea Komunikabidea Institutuko hezkuntza komunitateko kideekin jarri da harremanetan Udalaren zein EAJren oharrak jaso ondoren, eta hauek nabarmendu dute ez dutela informazio zehatzik. “Bileran itxiera atzeratzea adostu zen, hobekuntza batzuk egingo direlako Laudio Goikoan”, azaldu du Yone Vaz gurasoak, “gurasoei eta zuzendaritzari kronograma bat bidaliko zitzaien, baina gaur gaurkoz ez dute bilerarik deitu, eta hori da dakigun guztia. Ez dakigu zer hobekuntza egingo dituzten, ez dakigu zer aurrekontu izango duten ez beste ezer”.
Horri lotuta, galdera bat jarri du Vazek mahai gainean: “Nola izan daiteke duela aste bat bi milioi euro behar izatea eraikuntza era egokian jartzeko eta orain, bat-batean, hobekuntza batzuekin ikasleak bertan beste urte batez egon ahal izatea? Ez dut ulertzen”. Gauzak hala, txostenak eskatuko dituztela aurreratu du gurasoak, “zer, nola eta zergatik” egingo duten jakiteko.