ELAk salatu du Laudio Goikoa ikastetxeak amianto eta segurtasun arazo larriak dituela eta osasun prebentziorako neurriak hartu behar dituztela

Aitor Aspuru Saez 2026ko ekainaren 8a

Laudio Goikoa BHI, artxibo irudi batean. / Laudioko Udala

Sindikatuak adierazi du zuzendaritzako arduradunek esku-hartzea eskatu dutela 2013tik, baina egindakoa ez dela nahikoa izan. Hezkuntza Sailari eraikinaren Arriskuen Ebaluazioa eta prebentzioari lotutako dokumentazio guztia eskatu dizkio, erabiltzaileen osasuna bermatzeko.

Dirudienez, Laudio Goikoa hezkuntza zentroak ekarri duen soka luzea izango da. Izan ere, ELA sindikatuak aldarrikatu du ikastetxean segurtasunari lotutako arazo larriak daudela eta, ondorioz, inbertsioak beharrezkoak direla.

Aipatutako gabezien artean daude amiantoaren existentzia, instalazio elektriko zaharkitua, uraren kalitatearekin lotutako gorabeherak (nikelaren presentziaren ondorioz), erabileratik kanpo dauden komunak, igogailurik eza eta segurtasun-elementu batzuen narriadura, barandena barne.

Langile erakundeak gogoratu du Lanbide Heziketako ikasleek ez ezik, Zereginen Ikaskuntzarako Gelako ikasleak ere erabiltzen dutela espazioa. Horregatik, ELAren ustez, ezinbestekoa da irisgarritasun, segurtasun eta erabilgarritasun baldintza egokiak bermatzea.

Obrak eta jarduera akademikoa

Duela aste gutxi, Hezkuntza Sailak adierazi zuen Laudio Goikoa BHI itxiko zuela, baina herri mobilizazioa dela medio, iragarri du funtzionamenduan mantenduko duela.

Sindikatuak adierazi du ezinegona sortu duela irakasleen artean ez jakiteak nola uztartuko dituzten obrak eta jarduera akademikoa.

ELAren aburuz, lanak eta jarduera akademikoa nola uztartuko dituzten ez jakiteak ezinegona sortu du langileen artean: "Oraindik ez du zehaztu nola egingo den hori, eta egoerak kezka handia sortu du hezkuntza-komunitatean".

Segurtasunari buruzko informazio guztia

Gauzak horrela, langile erakundeak exijitu du berebiziko kontrola osasun eta segurtasun esparruetan: "ELAk indarrean dagoen Arriskuen Ebaluazioa eta haren eguneraketak jasotzea eskatu du, baita ebaluazio horretatik eratorritako prebentzio-plangintza ere. Horrez gain, eraikinaren egoerari, amiantoari, uraren kalitateari, instalazio elektrikoei eta irisgarritasunari buruzko txosten teknikoak eskatu ditu, bai eta langileen eta ikasleen segurtasuna bermatzeko ezarritako neurrien berri ere. Era berean, iragarritako jardueren egutegia eta gauzatze-epeak ezagutaraztea exijitu du".

ELAk laneko arriskuen prebentziorako eta segurtasunari buruzko informazio guztia eskatu dio Hezkuntza Sailari.

Halaber, aldarrikatu du Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko 31/1995 Legeak administrazioari langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko betebeharra ezartzen diola.

"Horregatik, gardentasuna, informazio eguneratua eta prebentzio-neurri eraginkorrak eskatu ditugu, langileen eta ikasleen segurtasuna ezin baita etorkizuneko inbertsioen edo erabaki administratiboen mende utzi", erantsi du.

2013tik eskaerak

Bide batez, sindikatuak gogoratu du 2013tik Laudio BHIko zuzendaritza-taldeek behin eta berriz eskatu dituztela eraikina konpontzeko eta hobetzeko lanak. Ordea, inbertsioak ez dira nahikoak izan, erakundearen aburuz, eta horregatik orain esku-hartze handia premiazkoa da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide