Etxebizitza Aiaraldean

Xabier Eguia Basoaren alokairu kontratuak: 550 euro logela bakarragatik eta legez kontrako zein gehiegizko klausulak

Aitor Aspuru Saez 2026ko ekainaren 18a

Xabier Eguia Basoak sinarazten dituen kontratuetako zenbait klausula. / Aiaraldea.eus

Aiaraldea Komunikabideak Xabier Eguia Basoa enpresariak eskualdean bertan egindako kontratu eredu baten azterketa egin du eta legez kontrako klausula bat topatu du gutxienez, baita gehiegizkoak diren beste batzuk ere. 

Ekainaren hasieran Xabier Eguia Basoaren kontrako salaketa egin zuten Durangaldeko Kontseilu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Zehazki, bi matoiren bitartez familia bat mehatxatzea leporatu zioten, etxe batetik botatzeko asmoz. Albistea eskualdetik kanpo sortu bazen ere, enpresariaren jarduerak presentzia nabarmena du eskualdean ere, Aiaraldea Komunikabideak iragan astean argitaratu zuenez

Orain, Aiaraldea Komunikabideak aukera izan du enpresari laudioarrak eskualdean bertan baliatzen duen kontratuetako bat aztertzeko, baita zenbait abokaturekin kontrastatzeko ere. Hedabideak kontsultatutako legelariek adierazi dute kontratuko klausula bat gutxienez guztiz legez kontrakoa dela eta beste asko ere eztabaidagarriak direla.

550 euro hilero logela baten truke

Xabier Eguia Basoak eskaintzen duena, finean, honako hau da: hilero 550 euro artean ordainduta, logela baten erabilera eta komuna eta sukaldea partekatzea etxebizitza berean dauden gainerako maizterrekin (logela bakoitzean pertsona bat baino gehiago bizi da askotan, kasu batzuetan familiak, eta gehienetan migranteak). 

Urtero ordaindu beharreko 6.600 euro horiei gehitu behar zaie hilabete bateko erretan aurreratu behar dela, fiantza gisa. 

Aiaraldea Komunikabideak kontsultatutako abokatuek erroldari lotutako legez kontrako klausula bat azpimarratu dute Xabier Eguia Basoak egiten dituen kontratuetan, eta beste batzuk ere zalantzan jarri dituzte

Legez kontrako klausula eta fidantza geratzeko mehatxua

Aiaraldea Komunikabideak kontsultatutako abokatuen iritziz, badago klausula bat argi eta garbi ilegala dena. Izan ere, Eguiak ezartzen du behin etxebizitza utzita, alokairuan egon denak ziurtagiri bat bidali behar diola, zeinean frogatzen duen jadanik ez dagoela hor erroldatuta. Hori egin ezean, ez dio fidantza itzuliko.

Eguiak ezartzen du behin etxebizitza utzita, alokairuan egon denak ziurtagiri bat bidali behar diola, zeinean frogatzen duen jadanik ez dagoela hor erroldatuta. Hori egin ezean, ez dio fidantza itzuliko.

Legegileek azaldu dute fidantza ez berreskuratzeko baldintzen artean, legeek ez dutela ezer aipatzen erroldari buruz. Hau da, ez dela legezkoa fidantzaren itzulpena galaraztea deserroldatzea aitzakia hartuta.

Horrez gain, abokatuek azaldu dute errolda ez dela eskubide bat, betebeharra baizik, zerbitzu publikoak jasotzeko, besteak beste. Gauzak hala, argudiatu dute errolda kentzea eskatzea ez dela Xabier Eguia Basoaren eskumena. Izan ere, errolda beste etxebizitza batean egitea prozesu independentea da, erakunde publikoen bidez egin beharrekoa..

Edonola ere, hemen abokatuek nabardura garrantzitsua egin dute. Izan ere, Xabier Eguia Basoak behin eta berriro azaltzen du bere negozio eredua Rent-to-rent teknikan oinarrituta dagoela. Hau da, bera ez da etxebizitzen jabea, jabeei alokatzen dizkie eta, aldi berean, beste hirugarren batzuei kobratzen die berak alokatutakoa erabiltzeagatik.

 

Berez, etxebizitza batean errolda kentzeko subjektu legala jabea da eta horretarako prozedura bat dago (frogatu beharra dago pertsona hori jada ez dela han bizitzen, adibidez).  Higiezina alokatu duen pertsona batek ezin du hori egin zentzu anitzetan, besteak beste, ez delako bere jabegoa edota errolda zerbitzu publikoak jasotzeko, komunikazioak heltzeko edo bozkatzeko ezinbesteko giltza delako errolda.

Gehiegizko klausulak

Abokatuen iritziz, abiapuntu hori, Xabier Eguia Basoa ez dela jabea, baizik eta etxebizitzak alokatzen dituen pertsona bat, baliagarria da enpresariak ezartzen dituen hainbat klausulen zilegitasuna zalantzan jartzeko. Hurrengo kasuak ez dira, legegileen iritziz, ilegalak zehazki, baina abusuzkoak edo nuluak izan daitezke.

Adibidez, Eguiak idatziz jasotzen du bere bezeroak kontratuan zehaztutako egunean etxebizitza uzten ez badu, egun bakoitzeko errentaren bikoitza ordaindu beharko diola logela hustu arte. Halaber, kontratuan zehaztutako epea baino lehen higiezina abandonatuz gero, Eguia fidantzarekin geratuko litzateke.

Eguiak exijitzen die etxebizitzetan daudenei espazio komunetan eta hutsik dauden logeletan sartzen uzteko, nahi duenean. Baldintza bete ezean, kalera botako dituela jasotzen du kontratuan

Bestalde, laudioarrak ezartzen du kontratua amaitu baino 30 egun lehenago bezeroek jakinarazi behar diotela jarraitu nahi duten edo ez. Ez badute egiten, ez die fidantza itzuliko.

Etxean nahi duenean sartzeko exijentzia eta zigor mehatxuak

Abokatuek zalantzan jartzen duten kontratuaren beste baldintza bat da Xabier Eguia Basoak bere buruari ematen diola etxebizitzen espazio komunetan (sukaldea, komuna...) eta hutsik dauden logeletan nahi duenean sartzeko eskubidea. Eta ez hori bakarrik, baita berak hautatutako pertsonei ere, azken kasu horretan aldez aurretik jakinarazita bisita egongo dela.

Legegileek gogoratzen dute bera ez dela jabea eta, erantsi dute ezin duela mehatxatu (nahiz eta hala egiten duen kontratuan) etxegabetzearekin, hori ez baita arrazoi legala jendea kale gorrian uzteko.

Eguiak berak aitortzen du etxebizitzetara "uneoro" dutela sarbidea eta aukera hori baliatzen dutela ordaintzen ez duten pertsonei presioa egiteko. Hau da enpresariak hitzez hitz dioena bere sare sozialetan publikatutako bideo batean: "Guk uneoro dugu sarbidea etxebizitzara. Horregatik, oso zaila da norbaitek gela bat okupatzea. Pertsona batek ordaintzen ez badigu, gu etxebizitzara goaz eta atea jotzen dugu. Pertsona hori,  ordaindu nahi ez dizun arren, bere gelatik atera beharko da, jan beharko duelako, komunera joan... Guk soilik alokatzen diegu lanean dauden pertsonei. Beraz, pertsona hori lanera atera beharko da behintzat". 

Hala dio Eguiak berak sare sozialetan plazaratutako bideo batean: "Pertsona batek ordaintzen ez badigu, gu etxebizitzara goaz eta atea jotzen dugu. Pertsona hori,  ordaindu nahi ez dizun arren, bere gelatik atera beharko da, jan beharko duelako, komunera joan..."

Azkenik, enpresariak inposatzen du bezeroek bisitak egitea erraztu behar dutela kontratuaren azken bi asteetan (beste batek alokatu dezan bere logela) eta, hori egin ezean, hamalau eguneko errenta gehigarria ordaindu behar diotela (275 euro inguru).

Zigor ekonomikoak

Abokatuek aipatu dute arestiko baldintzak abusuzkoak izan daitezkela, kontuan hartuta Xabier Eguia Basoaren bezeroen profila, askotan herritar zaurgarriak baitira.

Edonola ere, bere kontratuak bestelako zigor ekonomikoak ere ezartzen ditu. Hain zuzen, enpresariak jaso du errentaren ordainketa hileko lehen eta bosgarren egunen artean egin behar dela. Atzerapena egonez gero, hamar euro gehiago ordaindu beharko dira egun bakoitzeko. Hau da, ordainketa bost egun berandu egingo balitz, 50 euro gehiago ordaindu beharko lituzke gelan bizi denak. 

Bukatzeko, etxeko funtzionamendu eta egunerokoari lotutako hainbat arau ezartzen ditu Eguiak kontratuaren amaieran, horiek bete ezean ere maizterra kaleratua izango dela nabarmenduta. 

Xabier Eguia Basoaren adierazpenik ez

Aiaraldea Komunikabidea hainbat aldiz jarri da harremanetan Xabier Eguia Basoarekin gai honi guztiari buruzko bere bertsioa jasotzeko, baina enpresariak ez du adierazpenik egin nahi izan momentuz. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide