Datorren asteko asteazkenean (uztailak 1) amaituko da ofizialki Maderas de Llodioko langileen greba mugagabea. Izan ere, ixtear dute behin betiko akordioa Garnica multinazionalarekin, iturri sindikalek Aiaraldea Komunikabideari jakinarazi diotenez.
Mobilizazioa eta agerraldia astelehenean
Hori baino lehen, baina, azken deialdi bat egingo dute grebalariek, astelehenerako. Mobilizazioa egingo dute 18:30ean Eroskiko biribilgunetik Herriko plazara. Izan ere, agerraldia egingo dute bertan ordu erdi beranduago, izandako borrokaren balorazioa egin eta lortutako akordioaren gaineko xehetasun gehiago jasotzeko.
Aiaraldeko historiako grebarik luzeena
Ekainaren 8an erabaki zuten langileek Garnicak eginiko azken eskaintza onartzea, iragan irailetik indarrean zegoen grebari amaiera data jarriz.
Aurreikuspenak betetzen badira, 284 egun iraungo ditu orotara Laudioko egur fabrikako langileek 35 kideren kaleratzearen aurka abiatutako lanuzteak. Modu horretan, Aiaraldeko historian inoiz egondako greba mugagaberik luzeena bezala oroitua izango da.