Marka guztiak hautsi ditu Maderas de Llodioko greba mugagabeak. Gaur 250 egunetara iritsi da Laudioko egur fabrikako langileek Garnica multinazionalak ezarritako 35 kaleratzeen aurka abiatutako lanuzteak. Hori dela eta, elkartasun piketea antolatu dute fabrikako sarreran, eta dozenaka herritar bertaratu dira grebalariei babesa adieraztera, musika eta jatekoa lagun.
Eskualdeko historiako luzeena omen
Aiaraldea Komunikabidea ELA eta LABeko hainbat kiderekin eta eskualdeko historia aztertu duten bi ikerlarirekin jarri da harremanetan eta guztiek ondorio bera atera dute: gaur gaurkoz, eskualdean ez dago dokumentatuta Maderas de Llodiokoena bezain luzea izan den grebarik. Aceros de Llodioren itxieraren aurkako borrokak, adibidez, gehiago iraun zuen, baina greba egunak ez ziren modu jarraituan egin.
Beste kasu hurbil bat Novaltiarena da. Enpresa horretako kideek hiru urte eta zortzi hilabete eman zituzten borrokan, “Europako grebarik luzeena” eginez, ELAren hitzetan. Denbora horretan zenbait elkarretaratze egin zituzten eskualdean, baina konpainiaren egoitzak Lezama eta Zaratamon daude berez.
Berez, eskualdeko grebarik luzeena Tubacexekoek 2021ean eginikoa zen orain arte, 236 egunera iritsi baitzen.
Iragan irailean iragarri zituen kaleratze kolektiboak Garnicak, eta handik astebetera abiatu zuten greba mugagabea beharginek.
Hasiera
Iraila hasieran jaso zuten albistea. Garnica taldeak iragarri zuen 39 langile (gerora 35ra murriztuko direnak) kaleratu eta Laudioko ekoizpenaren %40 kanporatuko zuela. Langileek mobilizazioekin erantzun zieten zuzendaritzaren asmoei, eta greba mugagabea abiatu zuten kaleratzeen zenbatekoaren berri jaso eta astebetera.
Lehen greba egunak nahiko biziak izan ziren piketean. Izan ere, grebaren jarraipena erabatekoa izan arren, zuzendaritzako ordezkariak hainbat aldiz bertaratu ziren lantegira Enplegua Erregulatzeko Espedientearen negoziazio-fasean, eta beharginek txistu, petardo, bengala edota eserialdi artean egin zieten harrera.
Fabrikatik harago ere eraman zuten gatazka, hainbat ekintza esanguratsu burututa aste gutxitan: Arabako Foru Aldundiaren Laudioko bulegoak okupatu zituzten lehenbizi, eta itxialdia egin zuten gero Laudioko Udaletxean.
Erakunde publikoen inplikazioa eskatzea izan zen ekimen horien xedea, baina enpresako zuzendaritzan ere jarri zuten begirada: Bi ibilaldi egin zituzten Errioxan Garnicak dituen bulego zein lantegietara, eta Laudioko fabrikaren barrura ere eraman zituzten kaleratzeen aurkako aldarriak urte hasieran.
Handik gutxira urrats bat ematea lortu zuten, Arabako Foru Aldundia prest agertu baitzen bitartekaritza lanak egiteko. Bilera ziklo luze batean murgildu ziren orduan Enpresa Batzordeko kideak. Fruituak, baina, ez dira esperotakoak izan.
Izan ere, langileek hainbat aldiz salatu dute erakunde publikoak bileretan egotera mugatu direla, benetako bitartekari lanik egin gabe.
Kaleratzeak bidegabeak zirela ebatzi zuen EAEko Auzitegi Nagusiak otsailean, baina epaia Espainiako Auzitegi Gorenera eraman dute bi aldeek.
Kaleratze bidegabeak
Modu paraleloan joan da garatzen gatazkaren bide judiziala. Otsailean ebatzi zuen EAEko Auzitegi Nagusiak Garnicaren 35 kaleratzeak bidegabeak zirela, baina Espainiako Auzitegi Gorenera eraman zuten epaia enpresak zein sindikatuek. Prozesua, beraz, asko luzatu daiteke bide horretan.
Tubos Reunidosekoekin batera
Azken bi hilabeteetan Maderas de Llodioko langileek Tubos Reunidosekin batu dituzte indarrak, eta hainbat mobilizazio egin dituzte elkarlanean. Bide horretan, nabarmenak izan dira Aiaraldeko Garapen Industrialaren aldeko Mahaiaren bileren aurrean eginiko protestak.
Hain zuzen, bihar ere egingo dute protesta mahai horren aurrean. 8:30ean jarri dute zita horretarako, Laudioko Lamuza plazan.
Enpresaren ultimatuma
Hainbat astetako blokeoaren ostean, astelehenean bazirudien gauzak aldatu ahal zirela, zuzendaritzak bilera deitu baitzuen langileen ordezkariekin Arabako Foru Aldundiaren jauregian.
Baina ez zen hala izan. Garnicak orain arteko proposamen ia berdina jarri zuen mahai gainean, "hobekuntza anekdotiko" batzuk gehituta, langileen arabera. Dena dela, enpresak ultimatum gisa aurkeztu zuen proposamena, eta ekainaren 5era arte eman die epea beharginei onartuko duten edo ez ebazteko.
Gauzak hala, hurrengo egunak berebizikoak izango dira kaleratzeen aurkako borrokaren kronologian, sindikatu bakoitza (LAB eta ELA) bere afiliatuekin bilduko baita, langileen batzarra deitzeko gero. Zehaztu dutenez, horren arabera erabakiko dute zer egin.