Ateak zabaldu ditu Laudio Azoka Plaza berriak. Bide luzea izan da. Aurreko agintaldian onartu zen proiektua eta 2024ko maiatzean hasi ziren lanak. Tartean izan dira gorabeherak, hala nola, finantziazioan Europako Next Generation funtsak erabiltzeko zailtasunak edota behin behineko merkatuko azpiegituran egondako arazoak.
Baina azkenean martxan da merkatua, Abasto Plaza zaharrean zeuden hiru merkatariei espazio berri eta egokitua eskainiz. Bi postu gehiago batu dira espaziora: bigarren arraindegi bat eta Ekintaeko elkartearen postua.
"Lehen sektorearen eta tokiko merkataritzaren aldeko apustuan" berretsi da Laudioko Udala gaur burututako inaugurazio ekitaldi ofizialean. Hain zuzen ere, Ekintaeko elkartearen denda da berritasun nabarmenetako bat. Tokiko ekoizle agroekologikoak batzen dituen elkartea da honakoa, eta aurrerantzean Laudion egongo dira eskuragarri euren produktuak.
“Proiektu honekin lehen sektorea, tokiko merkataritza eta hurbileko kontsumoa indartu nahi ditugu, gure ekonomia eta gure identitatea sendotuz. Aldi berean, espazio berrituak tokiko ekoizleen lana balioan jartzeko eta herritarren zein ekoizleen arteko harremanak indartzeko aukera emango du, merkataritza, gastronomia eta lehen sektorea elkartuz”, aldarrikatu du Ainize Gastaka alkateak irekiera ekitaldian.
Irekiera ekintzak igandera arte luzatuko dira. Gaur arratsaldean Jakoba Errekondok lehen sektoreari, tokiko ekoizpenari eta kontsumo arduratsuari lotutako solasaldia eskainiko du, 18:30etatik aurrera. Jarraian Gauargi erromeriak kontzertuan elkartuko ditu herritarrak.
Ostiral arratsaldean Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore arituko dira Herriko plazan. Larunbatean, aldiz, Show cooking saioa eskainiko dute Azoka Plazan bertan.
Bukatzeko, igandean, Laudio Bidelagun ekimenaren ekitaldi berri bat egingo dute goizean Apdemako kideekin batera eta, arratsaldean, San Roke Musika Elkarteak kontzertua eskainiko du.