Amaitutzat eman dute Maderas de Llodioko langileen greba mugagabea, 283 egunen ostean, eskualdeko historiako grebarik luzeena bilakatuta. Astelehen arratsaldean egin dute grebalariek azken mobilizazioa, bukaera emateko “duintasunez, erabakitasunez eta modu kolektiboan” egin duten borrokari.
Zumalakarregi etorbidearen hasieran jarri dute zita 18:30ean, eta Herriko plazaraino joan dira manifestazioan, bidean herritar zein merkatarien elkartasun keinuak jasota.
Agerraldia egin dute jarraian udaletxearen aurrean, enpresarekin lortutako akordioaren zertzelada ugari partekatzeko. Lorpen nagusia aipatu dute lehenbizi: “Lehenik eta behin, jakinarazi nahi dugu gaur egin direla lanera itzuli nahi izan duten pertsona kaleratuen onarpenak. Gaurtik aurrera, lankide horiek Maderas Llodioko plantillako kide izango dira”. Nabarmendu dutenez, hori zen greba abiatu zutenean zuten aldarrikapen nagusietako bat. “Gaur harrotasunez esan dezakegu helburu hori bete dela”, nabarmendu dute.
Astearte honetan sinatuko dute lanera itzuli nahi duten beharginen berronarpena barne hartzen duen akordioa Garnica multinazionalarekin, eta asteazkenean itzuliko dira lanera.
Horrekin batera, gogorarazi dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak bidegabetzat jo zituela Garnica multinazionalak ezarritako 35 kaleratzeak, eta jakinarazi dute epai hori irmoa bilakatuko dela. Gauzak hala, grebalariek uste dute “argi” geratu dela “enpresak ez zuela enplegu-erregulazioko espedientea justifikatzeko arrazoi objektiborik”.
Akordioaren sinaketa, astearte honetan
Iragarri dutenez, bihar (asteartea) sinatuko dute aipatutako guztia jasotzen duen akordioa eta, duela astebete iragarri bezala, asteazkenean itzuliko dira lanera.
Hori kontuan izanda, orain arte eginiko borroka balioan jarri dute beharginek. “Langileok inposaketa horri aurre egin izan ez bagenio, gaur egun ez ginateke posizio hobean egongo eta ez ginatekeen gai izango atzeraezina zirudien erabaki bati buelta emateko”, ziurtatu dute.
Horregatik aldarrikatu dute “borrokak beti merezi” duela: “Borrokak tresnak ematen dizkigu enpleguaren, plantillen eta gure eskualdeko etorkizun industrialaren aurka egiten duten enpresa-erabakiei aurre egiteko”.
Arabako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza ez dira zegokien mailan egon, grebalarien aburuz.
Jaurlaritzaren eta Aldundiaren jarrera salatu dute
Negoziazio prozesua “bereziki gogorra eta konplexua” izan dela ere aipatu dute Herriko plazako hitzartzean. Azaldu dutenez, “bi negoziazio-prozesu” behar izan dira, eta enpresak “langileekiko immobilismo- eta mendeku-jarrera” izan du. “Jarrera horrek izugarri zaildu du edozein aurrerapen, eta gatazka hau guztiok nahiko genukeena baino askoz gehiago luzatzea eragin du”.
Eta Arabako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza ez dira zegokien mailan egon, grebalarien aburuz. “Gure ustez, ez dira mahai gainean jarri eskura dauden tresna guztiak, eta ez da bitartekotza-prozesu bat gidatu, gatazka modu bidezkoagoan eta eraginkorragoan desblokeatzeko behar den irmotasun, azkartasun eta anbizioarekin”, salatu dute, eta ohartarazi dute lan-gatazkak ezin direla alferrik luzatu “enplegua, langileen duintasuna eta gure eskualdeko etorkizun industriala jokoan daudenean”.
Eskerrak Aiaraldeari
Eskualdeari eskerrak ematen amaitu dute ekitaldia: “Eskerrik asko elkartasun adierazpen bakoitzagatik, babes keinu bakoitzagatik eta borroka hau inoiz ez dela Maderas Laudioko langileena bakarrik izan erakusteagatik, baizik eta enplegua defendatzea Aiaraldearen etorkizuna defendatzea dela ulertu duen eskualde oso batena”.
Horren ostean, Udaletxeko balkoira igo dira beharginak, bertan itxialdia egin zutenean eskegi zuten bandera jaitsi eta “Eskerrik asko Aiaraldea!” zioen pankarta jartzeko, Arloteek hainbat abesti kantatzen zituzten bitartean.
LABen oharra
LABek ere oharra plazaratu du grebak emandakoari buruzko balorazioa egiteko. Antzeko iritziak plazaratu ditu sindikatu abertzaleak, Laudioko egur fabrikako beharginen borroka "eskualde osoan erreferentzia" bilakatu dela nabarmenduta. LABen iritziz ere, Garnicaren "helburu nagusiak" atzera botatzea lortu dute grebaren bidez: "langileek inposaketa horri aurre egin izan ez baliote, gaur-gaurkoz 39 izango lirateke behin betiko kaleratuak, abaldun Enplegua Erregulatzeko Espedientea izango genuke eta enplegua defendatu ahal izateko posizio askoz ere ahulagoa".
Instituzioei ere interpelatu die Maderas de Llodion gehiegoa duen langile erakundeak, "prentsa-titularren politika, lantalde antzuak eta marketin kanpainak" albo batera uztea eskatuz: "Eskualdeak ez du promesa gehiagorik behar, ezta kanpora begirako keinurik ere. Aldiz, neurri zehatz eta eraginkorrak behar ditu, eta enplegu suntsiketa geldiaraziko duen eta bere industriaren etorkizuna bermatuko duen konpromiso politiko erreala".