Herriko ondareari keinu egin diote Laudioko merkatu plaza inauguratu berrian. Izan ere, Batzalarringo Mahaiaren erreprodukzioa instalatu dute. Garai batean, gisa horretako mahai baten bueltan egiten ziren herriko batzarrak, eta bertan hartzen ziren udalerriko erabaki nagusiak.
Laudioko memoria kolektibo hori berreskuratzeko ahaleginean 2016an egin zuten lehen urratsa, Pio XII kalea zenari izena aldatuta. Gauzak horrela, inguruak aurretiaz zuen deitura berreskuratu zuen: Batzalarrin. Mahai berriaren instalazioarekin are gehiago sakondu nahi izan dute tokiak herriko erabaki nagusietan izandako pisuan.
Iragan irailean egindako prozesu parte-hartzailearen fruitu da ideia. Elizako arkupeak eta Merkatu Plaza berria "hornitu eta laudioarren erabilera eta gozamena hobetzeko" asmoz herritarren ekarpenak jaso zituen Udalak.
Prozesuak zuhaitz eta bankuen beharra jarri zuen mahaigainean, baina Laudioko ondarea erakusteko proiektu artistikoen beharra ere jaso zen proposamenen artean.

"Herriaren bihotza"
XIX. mende erdialdera arte erabili zuten laudioarrek Batzalarringo mahaia, horrela azaltzen du estreinatu berri duten erreprodukzioan jasotako azalpen plakak.
Herriko batzarren eta udalaren jardueraren ikurra izan ziren, bai harlauzazko mahaia, eta baita bertan zegoen artea ere. Mahaiaren inguruan hautatzen ziren udal ordezkariak, eta hainbat urtez ohitura horri erreferentzia egin zaio irailean ospatzen den Laudioko Euskal Jaian. Baina bestelako erabakiak ere hartzen ziren Batzalarringo mahaian: salerosketak, errentamenduak, ezkontza-hitzarmenak...
Mahairen neurriak ere ez ziren nolanahikoak. Garaian erabiltzen ziren neurrien patroi gisa erabiltzen ziren gisa honetako azpiegiturak. Merkatu plazako erreprodukzioak 1x2 gaztelar kanako neurria du, XIX. mendera arte erabilitako neurri estandarra.
Mahaiaren neurriak erabilita zehazten ziren mihise eta tapizen neurriak, esaterako. Fiel izeneko udal karguak kudeatzen zuen mahaiaren erabilera; hori dela, eta mota honetako mahaiek fiel-harri izena jaso dute euskaraz.