"Goia" jo du Laudioko Altzarrate futbol zelaiko egoera, izen bereko futbol klubeko kideen hitzetan. Azaldu dutenez, urteak daramatzate kirol-azpiegituraren gabeziak salatzen. Euren hitzetan, zelaiko argien "erdia baino gehiago" dago izorratuta, eta zelaiak metalezko hesi arrikutsu bat ere dauka. Horrez gain, berriki agertutako legionella kasuak ere deitoratu dituzte.
Baina ureztatze-sisteman jarri dute begirada batez ere. Izan ere, ohartarazi dute azpiegitura hori apirila hasieratik dagoela matxuratuta, eta horrek erredurak sortzen dizkiela belar artifizialaren aurka erortzen diren jokalariei, "lesioak eta zauriak areagotzea" eraginez.
Altzarrate Kirol Elkarteko presidenteak asteleheneko Udal Osoko Bilkuran hartu zuen hitza aipatutako guztia salatzeko, eta mezu argi bat zabaldu zuen baita ere: egoera bideratu ezean, irailean ez dute denboraldia abiatuko.
Udalaren adierazpenak
Udalak prentsa-oharra zabaldu du gaiari buruzko azalpenak emateko. Tokiko erakundeak azaldu du iaz hainbat hobekuntza egin zirela futbol zelaian: "Sareak berritzea, ateak ordezkatzea, markagailuak eguneratzea eta soropilean hainbat hobekuntza egitea".
Hala ere, aitortu du ureztatze-ponparen instalazioa "egiteke" dagoen jarduera bat dela. Udal gobernuaren hitzetan, "beharrezko inbertsioa 2026ko otsailetik" dago aurrekontuan, "baina gauzatzeko oposizioaren babesa behar zen, eta astelehenean osoko bilkuran egindako bozketan bere gaitzespena adierazi zuen".
Hala ere, tokiko erakundeak gaineratu du "lanean" jarraituko duela "jarduera hau gauzatzeko beharrezkoak diren bideak aurkitzeko".
Zelaiaren egoerak akusazio gurutzatuak eragin ditu Udal gobernuaren eta oposizioko talde guztien artean.
EAJren erantzuna
EAJk, bere aldetik, beste ohar bat plazaratu du Udalak eginiko adierazpenak gaitzesteko. "Oposizioa udal-arazo guztien errudun bihurtzeak ez du eragingo obrak lehenago egitea, eta ez ditu Udalaren kudeaketa-akatsak konponduko", salatu dute jeltzaleek, eta ziurtatu dute Udalak badituela "lege-mekanismoak" Altzarratekoa bezalako lanak "berehala" gauzatzeko.
Aurreko Udal Osoko Bilkura batzuetan egin bezala, oposizioko taldeko kideek berriz gogorarazi dute alkateak "1,4 milioi euro inguruko soberakina" baliatzeko eskumena duela eta, horregatik, ez dela beharrezkoa "aurrekontua aldatu arte" itxarotea.
"Partiden arteko transferentziak" ere baliatu daitezkeela gaineratu du Ander Larrinaga zinegotzi jeltzaleak, eta gogorarazi du prozedura hori erabili berri duela Udalak "Kultur Etxearen ekipamendurako 100.000 euro inguru gaitzeko·.
Horregatik, Larrinagaren arabera, "guztiz faltsua" da oposiziotik inbertsioak bloketazen ari direla, eta EH Bilduren "planginzta eta kudeaketa faltari" egotzi dio egoeraren gaineko ardura.
Horrekin batera, EAJrentzat "bereziki kezkagarria" da EH Bilduk "herritarrak eta hainbat kolektibo oposizioarekin aurrez aurre jartzen saiatzea, zenbait jarduera aurrera aterako ez direnaren ideia helaraziz, aurrekontuen aldaketaren aurka bozkatu zutenen erruz".
Horri lotuta, jeltzaleek aipatu dute ez daudela aurrekontu aldaketetan sartutako proiektuen aurka, horiek kudeatzeko moduaren kontra baizik. "Ez dugu zalantzan jartzen kirol-pista bat konpontzea, ureztatze-sistema bat jartzea edo udal-zerbitzuetarako ekipamendua erostea. Zalantzan jartzen duguna da Gobernu Taldeak kudeaketa arrunteko gaietarako egokiak ez diren prozedurak erabiltzen jarraitzea, horiek konpontzeko tresna askoz arinagoak dituenean", nabarmendu du Larrinagak.
Aurrekontu aldaketak azken unean proposatzea ere deitoratu du EAJko ordezkariak, zenbait jardueraren inguruko txosten eta aurrekontuak "duela hilabete batzuetatik" ezagutzen zirela argudiatuta.
Era berean, aurreko urtean egin gabe geratu ziren hainbat proiektu aurtengo aurrekontuetan berriz sartzea ere kritikatu du. Horregatik guztiagatik, "etengabeko konfrontazioa alde batera uzteko eta elkarrizketan eta benetako akordioen bilaketan oinarritutako lan egiteko modu bat berreskuratzeko" deia luzatu dio EH Bilduri.
OMNIAk, antzeko iritzia
Omniak ere antzeko iritzia plazaratu du prentsara bidalitako ohar baten bidez. Alderdi laudioarrak gogorarazi du iaz EH Bildurekin aurrekontuen gaineko akordio bat egin zutela, eta bertan azaltzen diren proiektuetako asko ez direla burutu. Era berean, nabarmendu du Altzarrateko ureztatze sistemaren konponketa otsailetik zegoela aurreikusita eta, ondorioz, udal gobernuari galdetu dio ea zergatik itxaron den orain arte aurrekontu aldaketa bozketara eramateko.
Horrez gain, EAJk bezala, talde independenteko kideek ere aipatu dute 1,4 milioi euro inguruko aurrekontua nahieran baliatu dezakeela alkatetzak.
Horregatik, oposizioaren aurkako akusazioak "aitzakia" bat direla uste dute Omniako kideek, udal gobernuaren "kudeaketa txarra" ezkutatzeko. "Hauteskunde hurbiltzen ari dira eta legealdi osoan nagusitu den kudeaketa txar hori blokeoz mozorratu nahi dute".
PSE-EEk ere
PSE-EEk ere oharra plazaratu du antzeko irakurketa plazaratzeko. Alderdi sozialistako kideek gogorarazi dute beti egon direla prest "udalerriaren mesederako akordioak lortzeko". Horri lotuta, salatu dute errazagoa dela errudunak bilatzea norberaren erantzunkizunak bilatu ordez, eta hori dela udal gobernuak egin duena. Era berean, aurreko bi taldeek bezala, nabarmendu dute alkatetzak badituela tresna legal ugari jardueretako asko burutzeko, eta gogorarazi dute badaudela duela urte bat baino gehiago adostu eta oraindik burutu ez diren hainbat proiektu.