“Euskal Poliziak jasandako erasoen aurkako mozioa” onartu du Laudioko Udalbatzak

Txabi Alvarado Bañares 2026ko abuztuaren 3a

Ertzaintzaren aurkako kartelak jarri zituzten iaz Laudioko Jaietan. / Ramiro Gonzalez

EAJk, Omniak eta PSE-EEk bozkatu zuten mozioaren alde. EH Bilduk testu alternatiboa proposatu zuen, baina ez zen bozketara iritsi. 

Gai ugari eztabaidatu dira Laudioko uztaileko Udal Osoko Bilkuran. Udal kredituak aldatzeko espediente ugari bozkatu ziren, Udalbatzatik harago joan den eztabaida politikoa piztuz, Altzarrate zelaiaren kasuarekin ikusi ahal izan denez. 

Baina Udalaren jardunetik haragoko gaiek ere eman zuten zeresana bilkuran, “Euskal Poliziak jasandako erasoen aurka” aurkeztutako mozioak kasu. EAJ eta PSE-EEk aurkeztu zuten proposamena. Ander Añibarro zinegotzi jeltzaleak salatu zuen poliziaren aurkako erasoak ez direla “gertakizun puntualak”, eta horrelakoak eskualdean ere gertatu direla gogorarazi zuen, udako jaien testuinguruan Udaltzaingoari konoak eta harriak bota zitzaizkiola aipatuta. 

Omniak ere bat egin zuen mozioarekin, poliziaren atzean pertsonak daudela nabarmenduta, “euren aisialdian dibertitzeko eta bakean egoteko aukera” izan behar dutenak, "beste edozein pertsonak bezala". 

EH Bilduk mozio alternatiboa plazaratu zuen, baina ez zen bozkatzera iritsi, EAJ eta PSE-EErena gailendu zelako. 

EH Bilduk, bere aldetik, mozio alternatiboa aurkeztu zuen. Eraso oro gaitzetsi zuen koalizio subiranistak, baina salatu zuen ezin direla “gertakari puntual batzuk” baliatu “kontakizun interesatuak plazaratzeko”. Horri lotuta, nabarmendu zuten “herritar askok” zalantzan jarri dituztela “Ertzaintzaren esku-hartzeak”, eta erakundeekiko “konfiantza galera bat” egon dela horregatik. 

Baina gainontzeko alderdiek ez zuten bat egin argudio horiekin, eta gauzak nahastea leporatu zioten EH Bilduri. “Polizia batek eraso bat egiten badu eta horren harira mozio bat aurkezten bada gu ere alde egongo gara”, ziurtatu zuen Omniak, eta ziurtatu zuen polizia babestea ez zela jardun guztiei “txeke zuri bat” ematea. EAJk ere esan zuen egon direla “neurriz kanpoko polizia jardunak”, baina aipatu zuen gehiegikeria polizialen legea dagoela horretarako. 

Gauzak hala, EAJ eta PSE-EEren mozioak egin zuen aurrera. 

EAJren beste mozioa

EAJk aurkeztutako beste mozio bat ere eztabaidatu eta onartu zen uztaileko bilkuran. Laudioko Udalaren udal baliabideak, irudia eta ikur instituzionalak “jarduera instituzional eta korporatiboetan bakarrik” erabiltzea eskatu zuten testu horren bidez, EH Bilduren agerraldi batean Udalaren ikur bat baliatu zela argudiatuta. Ainize Gastakak hartu zuen hitza prentsaurreko hartan, eta eskutan zeramaten orrietan “Zeu zara Laudio” lema irakurri zitekeen, Udalak ohikoan baliatzen duena.

Oposizioko talde guztiek egin zuten bat proposamenarekin. EH Bilduk, bere aldetik, nabarmendu zuen ez dela egia udal ikurrak “erabilera alderdikoirako” baliatu zituztenik. “Mozioa irakurri ostean agerraldi hori berrikustera joan behar izan naiz jakiteko zertaz ari zineten, ez delako inondik inora helburu konkretu batekin egin eta gainera ez delako ezta agerikoa ere”, azaldu zuen Ainize Gastaka alkateak. 

Espainiako Selekzioaren aurkako pintaketak

Beste hainbat gai azaleratu ziren erregu eta galderen txandan ere. Besteak beste, Munduko Futbol Koparen finalaren testuinguruan eginiko margoketen inguruan galdetu zuen Omniak. Udal gobernuak erantzun zuen pintaketa horietako batzuk ezabatu egin dituztela dagoeneko, beste batzuk ezabatzeke jarraitzen duten arren. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide