Ehunka lagun bildu dira gaur arratsaldean Laudioko Herriko plazan, asteartean Larrabetzuko Euskopan enpresan zendutako bizilagunaren heriotza salatzeko.
Modu horretan, “dolumina eta babesa” adierazi nahi izan diete 37 urteko beharginaren familiari, lagunei eta lankideei, eta ohartarazi dute horrelako albisteak ohikoak bilakatzen ari direla. Izan ere, gogorarazi dutenez, asteazkenean beste hiru pertsona zendu ziren Nafarroako Pitillas herrian gertatutako lan istripuan, eta “bost hilabete eskas igaro dira Vibrantz enpresan jasotako lan heriotzatik”.
Azken urtebetean eskualdean hildako langileei ere egin diete aipamena elkarretaratzearen amaieran plazaratutako irakurketan. Horrekin batera, nabarmendu dute azken hamarkadan Aiaraldeko 20 langile baino gehiago hil direla lanean ari zirela, “eta hori lanean sortutako gaixotasunengatik hildakoak kontatu gabe”.
Horren aurrean, aldarrikatu dute beharrezkoa dela “bitarteko gehiago jartzea prebentzioan eta laneko osasun zein segurtasunean”. Horretarako, “erantzukizuna eta ahalik eta inplikazio handiena” eskatu dizkiete “enpresei, Osalani eta erakunde eskudun guztiei”.
Izan ere, uste dute lan heriotzak ez direla “halabeharrezko zorigaitz” gisa hartu behar, “enpresen erabakien, prebentzioaren murrizketen, laneko osasuneko gabezien eta erakundeen kontrol faltaren emaitza” direlako.
Gauzak hala, erakunde publikoak ere interpelatu dituzte, “gehiago ikuskatu” behar dutela nabarmenduta: “Kontrolik eta zaintzarik ez badago, zigorrik ez badago eta baliabide nahikorik ez badago, prebentzioa hitzetan geratzen da. Prebentzioak huts egiten duenean, langileek eta haien familiek ordaintzen dute”.