Sutea egon da gaur iluntzean Laudioko Latiorro auzoko lonja batean. Suhiltzaileak, Ertzaintza, Udaltzaingoa eta anbulantzia bertaratu dira egoera bideratzera. Ke asko atera da lonjaren paretetako goiko zirrikituetatik eta suhiltzaileek bi ateak bota dituzte, hasieran pentsatzen zutelako jendea zegoela barruan harrapatuta.
Baina ez zen hala. Pertsona bakarra zegoen bertan sua piztu denean, eta Ertzaintzak kalean atxikitu du. Gauzak hala, ez da zauriturik egon. Hala ere, pisu bloke osoa hustu behar izan dute prebentzioagatik, baina bizilagunak etxeetara itzultzen hasi ahal izan dira egoera bideratu eta gutxira.
Duela bi urte hasi zen lonja horietan jendea bizitzen, eta une honetan hiru pertsona zeuden bertan.
Blokearen beheko lonjak betidanik egon dira hutsik. Ez dute inolako azpiegiturarik, ez argindarrik ezta urik, bizilagunek Aiaraldea Komunikabideari adierazi diotenez. Azaldu dutenez, duela bi urte hasi zen kale egoeran dagoen jendea bertan bizitzen. Ordutik hona jende ugari igaro da bertatik, baina uneotan hiru pertsona zeuden soilik bertan lo egiten, Ertzaintzak atxikitu duena eta beste bi. Beste bi horiek kanpoan zeuden sua piztu denean.
Azken urteetan nabarmen handitu da kale egoeran bizi diren herritarren kopurua Aiaraldean.
Dozenaka pertsona kale egoeran
Azken urteetan nabarmen handitu da kale egoeran bizi diren herritarren kopurua Aiaraldean. 2024ko udazkenean egin zen azken kontaketa ofiziala, zeinetan 15 pertsona zenbatu ziren Laudion egoera horretan. Igoera nabarmena izan zen, aurreko kontaketan (2022koan) ez baitzen egoera horretan zegoen pertsonarik identifikatu herrian. Dena dela, igoera orokortua izan zen. Bilbon 340tik 895era igaro zen etxegabeen kopurua bi urtetan, eta EAEn 658tik 1541ra. Gainera, azken bi urteetan nabarmen handitu da kopuru hori, zenbait eragile sozialek salatu dutenez.
Euren burua kalean topatzen duten pertsona horietako asko eraikin eta espazio abandonatuetan hartzen dute aterpe, espazio horiek gutxieneko bizigarritasun-baldintzak betetzen ez dituzten arren. Erakunde publikoetatik, aldiz, ez zaio tamainako erantzuna ematen arazoari. Aiaraldean ez dago gaua pasatzeko inolako baliabide publikorik, eta Bilboko Gizarte Larrialdietarako Zerbitzua ere kolapsatuta dago, Ongi Etorri Errefuxiatuak eragilearen hitzetan. Plataforma horrek salatu duenez, kale egoeran bizi diren herritarrek gutxienez hiru hilabete itxaron behar izaten dute jantoki txartel bat lortzeko, eta urtebete inguru aterpetxe batean lekua izateko.