Soka luzea ekarri du iragan ostiral gauean Latiorroko Arantzar kaleko lonja batean piztutako suteak. Garrek eta keak kalte ugari eragin zituzten etxebizitza-blokeko azpiegitura elektrikoan, eta konponketa lanetan aritu dira azken egunetan. Ostiralean lonja barruan atxikitu eta ondoren atxilotutako gaztea, aldiz, espetxeratu dute.
Aiaraldea Komunikabideak jakin izan duenez, Udaleko teknikariak bertaratu dira espazioaren egoera ikustera, eta arrisku arkitektonikorik ez duela ondorioztatu dute. Udala astelehenean bildu zen lonjaren jabeekin gertatutakoaren eta eman beharreko urratsen inguruan mintzatzeko, eta Ertzaintzarekin eta bizilagunen ordezkariekin ere egon da harremanetan.
Izan ere, suhiltzaileek lonjako ateak apurtu behar izan zituzten ostiralean, hasieran uste zutelako jendea zegoela barruan harrapatuta. Ondorioz, espazioa irekita dago uneotan eta, horregatik, Udaltzainen patruila bat egon da orain arte atea zaintzen gau eta egun. Aiaraldea Komunikabideak jakin izan duenez, datozen egunetan itxiko dituzte bertako ateak.
Espetxean sartu dute ostiral gauean atxilotutako pertsona, epailearen aurretik pasa ostean.
Atxilotua espetxean
Latiorroko lonjak bi urte zeramatzan okupatuta kale egoeran bizi diren gazte migratuengatik. Bizilagunek Aiaraldea Komunikabideari azaldu diotenez, jende ugari igaro da bertatik denbora horretan, baina azkenaldian hiru pertsona zeuden soilik barruan lo egiten. Sutea gertatu zen unean bakarra zegoen barruan, eta poliziak atxilotu egin zuen. Asteburuan igaro zen epailearen aurretik, eta honek espetxeratzea agindu zuen.
Kezka auzoan, oihartzuna eskualdetik kanpo
Ostiraleko gertakariak kezka sortu du Ardantzazar etxebizitza blokeko kideek zein Latiorroko bizilagunen artean. Izan ere, salatu dutenez, lonjak ez zuen bizigarritasun baldintzarik, eta elkarbizitza arazoak egon dira bertan egon diren pertsonekin.
EAJk, bere aldetik, Bozeramaileen batzordea deitzea eskatu dio gaur EH Bilduren udal gobernuari, gertatutakoari buruzko informazio guztia partekatzeko.
Eskualdetik kanpo ere izan du oihartzuna gertakariak. Sutearen bideoak bolo-bolo zabaldu dira sare sozialetan, eta Espainiako eskuin-muturreko hainbat kontuk baliatu dituzte, Vito Quilesekin harremana duen RescueYou-k kasu.