Ehundik gora lagun bildu ditu EAJk gaur iluntzean Laudioko Aldai plazan, bertan egin baitu Espainiako Hauteskundeetako kanpainako Aiaraldeko ekitaldi nagusia. Tokiko zein Arabako ordezkari jeltzale ugari bildu dira bertan, Aiaraldeko alkate eta alkategai arabarrak edota Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusia kasu.
Tokikotasuna izan da ekitaldiko hitzartze guztien ardatz nagusia. Gorka Urtaran zuzenean hasi da Aiaraldeko industriaren inguruan mintzatzen. Berehalako esku-hartzea exijituko du “eskualdeko enpresa batzuek bizi duten egoera kritikoaren” aurrean.
Tubos Reunidosen kasua nabarmendu du Urtaranek, EAJrentzat lehentasuna dela nabarmenduta. Espainiako Kongresurako Arabako zerrendaburuak “konpromiso irmoa” exijitu dio SEPIri, nabarmenduz enpresak laguntzea dela erakunde horren egiteko nagusia. Horri lotuta, aipamen berezia egin dio Txerra Molinuevo Laña Amurrioko alkateak jokatutako paperari.
Berehalako esku-hartzea exijitu dute “eskualdeko enpresa batzuek bizi duten egoera kritikoaren” aurrean, Tubos Reunidosi aipamena eginez.
Bestetik, Aiaraldeko Garapen Industrialerako Mahaiak utzitako emaitzak ere jarri ditu balioan Urtaranek, eta nabarmendu du eskualdearen eta euskal industriaren interesak defendatuko dituztela “erabakiak hartzen diren tokietan”.
Horren adibide moduan jarri du Espainiako estatuko sare elektrikoaren planifikazio berriak 6.000 megabatio gehiago aintzat hartu izana Euskal Autonomia Erkidegoarentzat, horrek industriaren garapena ahalbidetuko duela nabarmenduta.
Hori aintzat hartuta, “etengabeko gatazkan” daudenen eta “lan serioa” egiten dutenen artean hautatu behar dela azaldu du zerrendaburuak, argi utziz EAJk ez dituela enpresariak eta langileak elkarren aurka jarri nahi, “aurrera batera egingo duen Aiaraldea batean” sinesten dutelako. Gauzak hala, eskualdearentzako “aseguru-poliza” moduan definitu du azaroaren 29an EAJri botoa ematea.
Madrilgo lana balioan
Eskualdearentzako “aseguru-poliza” moduan definitu du azaroaren 29an EAJri botoa ematea.
Maribel Vaquerok hartu du hitza jarraian. Espainiako Kongresuko bozeramaile jeltzaleak Madrilen eginiko lana jarri du balioan, baina eskualdeko errealitatea ere izan du ardatz, Aiaraldeak etorkizuna duela eta etorkizun hori guztien artean eraikiko dutela nabarmenduz.
Ildo horretan, industria defendatzen eginiko lana aipatu du, Talgoren erreskatearen adibidea jarriz, kasu horretan 700 lanpostu salbatu zirela nabarmenduta. Gutxieneko soldata propio baten beharra ere jarri du mahai gainean, baina nabarmenduz “kalitatezko” soldatak behar direla, eta horiek direla industriak eskaintzen dituenak.
Era berean, pentsioen alde eginiko lana ere ekarri du gogora. Vaqueroren hitzetan, horrelako lorpenak eskuratzeko egon behar da Madrilen, EAJ egongo ez balitz egingo ez liratekeela azpimarratuz.
Jone Berriozabalen hitzartzearekin amaitu da ekitaldia. Araba Buru Batzarreko presidenteak koiuntura politiko orokorra izan du hizpide. Bere hitzetan, azaroaren 29ko hauteskundeak ez doaz bi blokeen artean aukeratzeaz, Madrilen lau urtez egongo diren ordezkariaz hautatzeaz baizik.
Horregatik, “Arabaren eta Euskadiren interesak” jokoan daudela ohartarazi du, eta ziurtatu du prest egongo direla etorriko denerako, EAJ “euste-horma” dela nabarmenduta. Dena dela, gaineratu du ez dutela “txeke zuririk” eskainiko, ez direlako Madrilera joango “bloke ezta fronte” baten parte izatera.
“Arazoak seinalatu eta piketeak antolatzeaz arduratzen direnen aurrean, konpromisoa, kudeaketarako gaitasuna, baliabideak eta lana eskaintzen ditugu”
Horri lotuta, Berriozabalek ziurtatu du ez dutela eskualdearentzako “aukera bakar bat ere” emango galdutzat. “Arazoak seinalatu eta piketeak antolatzeaz arduratzen direnen aurrean, konpromisoa, kudeaketarako gaitasuna, baliabideak eta lana eskaintzen ditugu”, aldarrikatu du jeltzaleen Arabako buruak.
Eskualdeko alkate eta alkategaiei aitortza
Horren adibide moduan jarri ditu eskualdeko alkate eta alkategaiak. Banan banan aipatu ditu Gentza Alamillo, Encina Castresana, Txerra Molinuevo, Jon Escuza eta Ander Larrinaga, nabarmenduz azken horrek jarriko diola amaiera Laudiok bizi duen “desgobernu eta ekimen zein gardentasun faltari”.
Azaldu duenez, jakitun da legealdi hau “oso luzea” egiten ari zaiela Laudioko “herriari, enpresei, merkatariei eta elkarteei”, baina ziurtatu du gutxi geratzen dela herria “berpiztu” dadin, “Ander Larrinagaren eta EAJren eskutik”.