Atzo eta gaur bilerak egin ditu Vibrantz enpresako zuzendaritzak Langile Batzordearekin eta behargin guztiekin, hurrenez hurren. Batzar horien helburua izan da ekainaren 9an gertatutako lan istripua lantzea, zeinean 49 urteko laudioar bat hil zen. Izan ere, konpainiak ingeniaritza bat kontratatu zuen aztertzeko zerk eragin zuen lan heriotza.
Enpresak zenbait ondorio komunikatu dizkie langileei eta 20 orrialde inguruko txostena utzi du sindikatuen eskuetan. Ondorio nagusienak dira eztanda egin zuen labearen galeriak zikin zeudela eta, hori dela medio, gasa ez zela ateratzen eta horregatik zartatu zela. Horrez gain, ingeniaritzak aipatu du airea eta gasa manipulatuta zeudela.
Akats nabarmen gisa, txostenak adierazi du makina horrek arazoak ematen zituenez, funtzionamenduan ez egoteko agindua zegoela. Hala ere, ekainaren 9an martxan zegoen, komunikazio hutsune bat dela eta.
Hortaz, azpikontratatutako ingeniaritzaren arabera, hainbat aldagai daude istripu hilgarriaren atzean: arazo teknikoak eta baita komunikaziokoak ere.
Segurtasun neurri gehiago eta dimisio eskaerak
Txostenak berak hainbat segurtasun eta prebentzio neurri iradokitzen ditu eta Vibrantzeko zuzendaritzak konpromisoa hartu du guztiak betetzeko.
Hala ere, konpainiaren jarrerak ez ditu langileak lasaitu. Gaur, esaterako, gerentearen dimisioa exijitu dute bileran.
Sindikatuak kritiko, ardurarik ez delako zehaztu
Iturri sindikalek ezinegona, haserrea eta desadostasuna adierazi diote Aiaraldea Komunikabideari txostenari eta zuzendaritzaren jokabideari dagokionez. Izan ere, euren ustez, enpresak ez du inolako autokritikarik egin eta ez die gertatutako akatsei izen-abizenik jarri, nahiz eta, euren iritziz, erraza litzatekeen hori egitea.
Langile Batzordeko iturriek salatu dute enpresak ez duela autokritikarik egin eta, istripuaren arduradunak zehaztu ez dituenez, hildako langileari errua botatzeari atea irekita utzi diola, sindikatuentzat erabat onartezina dena.
Horrez gain, Langile Batzordeak uste du txostenean ez direla hainbat gertakari garrantzitsu aipatzen. Azaldu dutenez, dokumentuak ez du zehazten hiru urte zeramatela labearen mantenua kontratatu gabe.
Langile erakundeek azaldu dute azken urteetan, gerente berria sartu zenetik alegia, mantenuan murrizketak egon direla eta hori agerikoa dela lanean.
Osalani informaziorik ez
Bestalde, Osalaneko teknikaria pasa den astean egon zen Vibrantzen eta sindikatuei informazio eske aritu zen, enpresak ez dizkiolako eskatutako txostenak bidali. Langile erakundeentzat, harritzekoa da ia urte erdi igarota datu guztiak eman ez izana.
Ez dute onartuko langileari errua botatzea
Langile ordezkarien iturriek aipatu duten beste kontu bat izan da istripuaren arduradunei izen-abizenik jarri ez izanak atea irekitzen diola hildako langileari berari, nolabait, errua botatzeko. Izan ere, gasa eta airea manipulatuta zeudela adierazten du txostenak, baina ez du argitzen nork egin zuen. Beharginen erakundeentzat hori ez da onargarria.
Hildako langilea, metodiko ospea
Zendu zen langilearen gainean ardura ez uzteko arrazoietako bat da laudioar hori behargin izugarri metodikoa izateagatik zela ezaguna, eta ez bakarrik Vibrantzen.
Hildako langileak metodiko ospe handia zuen eta bere lankideek oroitu dute matxura eta konponketa guztiak jasotzen zituela koaderno pertsonaletan.
Izan ere, eskualdeko herritarrak Guardian eta Glavistan lan egin zuen urte luzez eta bere kideentzako erreferente hutsa zen mantenuaren esparruan. Ibai Laskibar lankide ohiak azaldu du hildako beharginak matxura eta konponketa guztiak jasotzen zituela koaderno pertsonaletan eta han oharrak idatzi ez ezik, maiz argazkiak ere eransten zituela.
"Urteak igarota ere, matxura bat gertatzen zenean eta zalantzak genituenean, berari deitzen genion ea koadernoetan zer zuen, oso lagungarria baitzen konponketak egiteko", ziurtatu du Laskibarrek.