Vibrantzeko Segurtasun eta Osasun Batzordeak salatu du enpresak ez duela hartu nahi bere gain gertatutako heriotzaren ardura

Aitor Aspuru Saez

Ekainaren 9an egindako mobilizazioa. / Aiaraldea.eus

Segurtasun eta Osasun Batzordeko ordezkariak azaldu du ekainaren 9ko istripu hilgarria azpiegituran zegoen gainpresioak eragin zuela, eta arrisku hori ez zela desagertuko labea itzalita. Bere iritziz, trebakuntza eta mantenu prebentiboaren falta izan ziren heriotzaren arrazoiak.

Vibrantz enpresak azken egunetan aurkeztu duen txostenak ez du langileen onarpena lortu eta horren adibidea da David Sadaba Segurtasun eta Osasun Batzordeko ordezkariaren iritzia ekainaren 9an gertatutako istripuari buruz. Izan ere, Langile Batzordeko kideak sakonki aztertu du gertatutakoa eta erabat desados dago konpainiak egindako txostenaren ondorioekin.

"Enpresak egin duen errelatoan ematen du langileen arteko komunikazio faltagatik jazo zela eztanda, baina hori ez da zuzena. Izan ere, azpiegitura zartatu zen gainpresioagatik. Beharginek labea itzali izan balute, ez dago bermerik esateko alboko labeak ez zuela eztanda egingo, gainpresioak eta arriskua presente jarraitzen zutelako", ziurtatu du Sadabak.

"Mantenu prebentiboarekin eta formakuntzarekin gure lankidea bizirik egongo litzateke"

Halaber, Sadabak azpimarratu du istripuaren iturburua ekiditeko bi tresna zeudela eta argi dagoela, bere ustez, ez zirela aktibatu: "Txostenak aipatzen du labearen galeriak zikin zeudela, baina filtroa ere gainezka zegoen eta horrek eragina dauka gainpresioan. Diagnostiko hori gerora jakin izan dugu. Aurretik trebatuak izan bagina Keen Garbiketako atala zehazki nola funtzionatzen duen ezagutzeko, jakingo genukeen, baina gerenteak eta managerrek ez dute egin, ez dutelako dirua horretara bideratu".

Aurretik trebatuak izan bagina Keen Garbiketako atala zehazki nola funtzionatzen duen ezagutzeko, jakingo genukeen, baina gerenteak eta managerrek ez dute egin, ez dutelako dirua horretara bideratu.

Horrez gain, Segurtasun eta Osasun Batzordeko kideak garrantzitsutzat jo du mantenua ez dela egokia izan: "Mantenu prebentiboan inbertitu izan balute, galeriak ez lirateke zikin egongo eta filtroak ere modu egokian lan egingo lukeen, baina ez dute bitartekorik bideratu".

Sadabarentzat txostena saiatzen da ardurak desbideratzen eta erroko arazoei iskin egiten: "Txostenak ez du argitzen nork egin zuen zer, baina adierazten du agindua zegoela labea ez pizteko eta norbaitek martxan jarri zuela. Edonola ere, horrek ez lukeen gainpresioarekin eta horrek sortzen duen arriskuarekin amaituko".

Langile Batzordeko ordezkariak, hortaz, argi dauka gainpresioa eragin zuten aldagaiei ez zitzaiela aurre egin tresna eraginkorrekin eta bestelako bidea hartu izanez gero, 49 urteko langilea bizirik egongo litzatekela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide