Okondoko oposizioak alkatearen dedikazioa eta soldata erdira jaitsi ditu

Erredakzioa 2015ko uzt. 3a, 14:30

Atzo udal osoko bilkura egin zuten Okondon eta oposizioak -EAJ eta EH Bildu- alkatearen dedikazioa erdira murriztu zuen. Ondorioz, Sergio Tatok jardunaldi erdia beteko du eta bere soldata % 50ean murriztuko da. 44.000 euro kobratu ordez 22.000 euro kobratuko ditu.

Atzo udal osoko bilkura egin zuten Okondon eta oposizioak -EAJ eta EH Bildu- alkatearen dedikazioa erdira murriztu zuen. Ondorioz, Sergio Tatok jardunaldi erdia beteko du eta bere soldata % 50ean murriztuko da. 44.000 euro kobratu ordez 22.000 euro kobratuko ditu.

Alkatearen iritzia

Sergio Tato Okondo Aurrerako alkateak adierazi du bere dedikazioa eta soldata murrizteko erabakiaren bitartez udal gobernu taldeari min egitea bilatzen duela oposizioak. Tatoren ustez EAJko egoitzan hartutako neurria da eta Okondo Aurrera taldeari kalteak sortu ez ezik herritarrak ere kaltetuko ditu.

Alkatearen aburuz EAJk eta EH Bilduk ez dituzte onartu hauteskundeen emaitzak.

Sergio Tatok bereziki kritikatu du EH Bilduren jarrera; gaineratu du 1999. urtean erabaki zela alkateak dedikazio osoa izatea eta ezker abertzaleak babestu zuela neurria. Gainera, Okondo Aurrerako ordezkariak aipatu du EH Bilduk Laudion dedikazioak eta soldatak igo dituela.

EH Bilduko argudioak

Koalizioak azaldu du Sergio Tato EH Bildun zegoenean dedikazioaren eta soldaten kontua ere hainbat aldiz eztabaidatu zutela, baina orain Okondo Aurrera taldean dauden zinegotzien jarrerari esker ez zutela aldaketarik gauzatu.

EH Bilduk erantsi du tirabira horiek eragin zutela Sergio Tatok eta zenbait zinegotzik Okondo Aurrera sortzea. Zentzu horretan, EH Bilduk azpimarratu du Okondo Aurrerak bakarrik 4 bozei esker irabazi zituela hauteskundeak eta ez duela gehiengo osoa.

Batzordeak eta udalbatza

Oposizioak eta udal gobernu taldeak talka egin zuten beste esparru batzuetan ere. Okondo Aurrerak 14 batzorde proposatu zituen eta batzordeko lehendakariak 180 euro kobratzea. Baina azkenean 5 batzorde egongo dira eta lehendakariak zein gainontzeko zinegotziek 40 euro jasoko dituzte.

Bukatzeko udalbatza bakoitzeko 50 euro kobratuko dituzte arrunta bada eta 20 ez ohikoa izanez gero.

Gainera, udal osoko bilkurak 20:00etan egingo dituzte jendearen partaidetza errazteko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide