Okondoko San Bartolome Jaietako pregoilaria izango zara. Pozik?
Ez nuen espero hautatua izatea. Pozik hartu dut albistea, ilusioz. Sergio Tatok -Okondoko alkateak- deitu ninduen, emakumea eta kirolaria nintzenez pregoilari izatea proposatu nahi zidatela esanez, eta animatu egin nintzen.
Egia esan, ez naiz inoiz egon Okondoko Jaietan, baina aurten gogotsu parte hartuko dut egiten diren ekintzetan.
Pregoia zer nolakoa izango den pentsatu al duzu dagoeneko?
Ez, ez dut oraindik pentsatu. Egitarauari begiratua emango diot lehenbizi, festen nondik norakoen berri izateko, eta noiz edota nola hitz egin behar dudan jakiteko.
Okondon bizi zara, baina kanpora joan behar izaten duzu entrenatzera. Nolakoa da zure egunerokotasuna?
Okondon bizi naiz, Laudion lan egiten dut, eta Durangon entrenatzen dut arratsaldez, astean sei egunez.
Zaila izan behar da hori dena uztartzea!
Momentuz ondo daramat. Autoarekin ibili behar izaten naiz egunero alde batetik bestera, baina guztia egiteko denbora daukat.
Denboraldia amaitu berri duzu. Zer moduzkoa izan da?
Espainiako Txapelketa izan zen denboraldiko azken lasterketa, Bartzelonan egin zen. Irailean hasiko naiz berriz entrenamenduekin.
Ikasturte hau zaila izan da niretzat. Lesio asko izan ditut eta ezin izan naiz ehuneko ehunean egon. Hala ere, lortu dut finalera igarotzea. Finalean ekaitz elektrikoa egon zen, tximista batek foku bat jo eta ilunpean utzi gintuen. Hoztu egin ginen, geldirik geundelako eta ez genekielako korrika egin ahalko genuen edo ez. Argia itzuli zenerako txipa aldatuta genuen. Seigarren postua lortu nuen, baina pozik geratu nintzen emaitzarekin, hilabete bat lehenago ez bainuen uste lehiatu ahal izango nuenik, iskiotibiala apurtu bainuen.
“Espainiako Txapelketan bigarren geratzea da nire helburua, eta Europakoan erreleboka lehiatzea”
Nola eragin dizute izandako lesioek?
Mina dut korrika egiterakoan, baina lasterka ari naiteke behintzat, eta pozik nago.
Irailean hasiko zara berriz entrenatzen. Zeintzuk izango dira zure erronkak ikasturte berriari begira?
Lesioak ez izatea da nire helburu nagusia. Entrenamendu hobeak egitea espero dut, aurten gorputzeko atal asko izan baititut gaizki. Lesioak babestuko ditut, atsedena hartuta. Espainiako Txapelketetan bigarren geratzea da nire helburua, edo hirugarrena bestela. Europako Txapelketetan erreleboka aritzea ere espero dut.
FC Bacelonako atletismo taldean zaude. Nolakoa da bertan egotea?
Nire prestaketa taldea Durangon dago. 40 kide gara, baina ez gara talde berekoak. Norberak garatzen du harremana bere klubarekin. Kirol indibiduala denez, bakoitzak bere kabuz aukeratu dezake zein txapelketetan lehiatu.
Emakume kirolaria izateak zer nolako eragina izan du zure ibilbidean?
Gaur egun garrantzi gehiago ematen digute emakume kirolarioi. Atletismoa kirol gutxitua da, baina Laudion eta Aiaraldean aitortza ugari jaso dut. Aurreko urtean oso denboraldi ona izan nuen, eta horrek aukera eman zidan egunkarietan eta hainbat komunikabideetan agertzeko. Okondon ere ia herri guztiak ezagutzen nau.
Hiru urte daramatzazu Okondon bizitzen. Zer moduz?
Primeran. Oso toki lasaia da, zaratarik gabekoa. Oso harreman ona dut auzokideekin.
Entrenatzeko balio du herriak?
Bai, errodajeak egitera irteten naiz. Gainera, igerilekuetatik gora eta behera ibiltzeko baditugu hainbat kilometro, korrika egiteko ondo daudenak.