Okondoko udalekuak uztailaren 2tik 27ra bitartean gauzatzen ari dira bi txandetan. Haur batzuk hilabete guztia egongo badira ere, beste batzuek hamabostaldi bakarra egingo dute. Astean zehar 10:00etatik 13:30ak arte da jardueren ordutegia.
Lehenengo hamabostaldian 38 haur egon dira eta 4 hezitzaile. Aldiz, bigarren txandan 29 haur eta 3 hezitzaile elkartuko dira.
Jarduera anitzak prestatu dituzte. Esaterako, ur jolasak, igerilekuetara txangoak, dantza, kirolak, jolas kooperatiboak, tailerrak, mendi irteera...Adibidez, ibaiko uraren kalitatea aztertuko dute eta basora joko dute beraien etxetxoak eraikitzeko eta naturarekin harremana izateko.
Bost izaten ari dira oinarriak: euskara eta euskal kultura dira garrantzitsuenak. Baina, horrez gain, hezkidetzan, kulturartekotasunean, inklusioan eta parte hartzean oinarritzen da proiektua.
Udalekuetako haurrek egin nahi dituzten ekintzak proposatzen dituzte eta hauek garatzen dituzte, egitaraua denen artean eraikitzeko.
Gainera, Okondoko bazterrak ezagutu eta jolaserako eremu gisa baliatuko dituzte.