“Ilusioa sortu dit Okondoko jaietako pregoilari izateak”

Aitor Aspuru Saez 2018ko abu. 14a, 10:37

Sakoneta klubarekin aritzen da Maddi Otaola. / Aiaraldea.eus

MADDI OTAOLA (Okondo, 2000) gazte izango da aurtengo San Bartolome jaietako pregoilaria. Izan ere, Espainiako Gimnasia Senior kategoriako txapelduna izan da Sakoneta klubarekin.

Guadalajaran lehiatutako Espainiako Gimnasiako Txapelketan irabazi zenuen, nola bizi izan zenuen?

Pozik. 6 hilabete eman nituen entrenatzen eta nire amets handiena bete nuen. Gainera, txapelduna izan naizenez, 1. mailan arituko naiz hurrengo denboraldian. Aintzat hartu beharra dago estatu espainiarrean 18 gimnasta besterik ez daudela. Urtez urte, hamabik bakarrik eusten diote kategoriari, eta besteak senior mailara itzultzen dira.

Hurrengo denboraldian, orduan, erronka berriak izango dituzu?

Bai, nire asmoa da kategoria mantentzea. Aurreko denboraldian 1. mailan egon nintzen, baina 13. sailkatu nintzen eta, ondorioz, seniorrera jaitsi nintzen. Hurrengo denboraldian berriro egin nahi dut saiakera.

Maila igoera asko nabaritzen da?

Ezberdina eta nabarmena da. Estatu espainiarreko gimnastarik onenak daude, azken finean. Hortaz, zailagoa da. Entrenamenduen aldetik, sailkapen ona lortu nahi badut, asko entrenatu beharko dut eta fisikoki hobetu. Edonola ere, medikuntza ikasketak abiatuko ditut eta ez dakit zenbat denbora eskaini ahal izango diodan. Dena den, nik gimnasiaz disfrutatzen dut eta horrela jarraitu nahi dut.

Denboraldi honetan, adibidez, 20 ordu entrenatu ditut astero, 4 ordu egunero astean zehar. Hurrengo denboraldian berdin mantendu nahi dut, baina ez dakit aukera izango dudan.

Nolakoa da gimnastaren egunerokotasuna?

Bi denboraldi mota daude; taldekoa eta bakarkakoa. Nik bakarkakoa nahiago dut eta horrela ari naiz. Taldean parte hartzen dugunean, batek kale egiten badu, guztiok egiten dugu. Bakarka, aldiz, norbera da bere hutsen arduraduna. Nik hori ondo daramat, nahiz eta txapelketan oso urduri jartzen naizen.

 

“Nik gimnasia egiten dut oso gogoko dudalako, ez besteek jakin dezaten Espainiako Txapelketa irabazi dudala”

 

Beti lehiatu zara Sakoneta klubarekin?

Ez. Amurrioko Aresketa klubean hasi nintzen 8 urterekin eta gero Leioara aldatu nintzen 12 urterekin. Hurrengo denboraldian Leioan ikasiko dut, baina orain arte nire gurasoek eraman naute Okondotik Leioara. Oso gogorra izan da eurentzat, 4 ordu egiten zituztelako egunero autoan. Guztiok egin dugu esfortzua nik gimnasia egiteko.

Puntako kirolaria zara, horrek oihartzuna dauka?

Niri oihartzunak bost axola, egia esanda. Nik gimnasia egiten dut oso gogoko dudalako, ez besteek jakin dezaten Espainiako Txapelketa irabazi dudala. Ingurukoek badakite eta, ni bezala, oso pozik daude. Hori nahikoa da niretzat.

Nolakoa da txapelketako giroa?

Gimnasten araberakoa da. Batzuk parte hartu eta gero oso jatorrak dira, baina lehiaketa baino lehen ez dugu ezta hitz egiten; begirada zorrotzak eta ezer gutxi. Hala ere, norberaren arabera. Batzuk ezagutzen ditut eta badakit nolakoak diren: ez ditut ezta agurtu behar eta beste batzuk ordea, berehala etortzen dira besarkatzera.

Aurten pregoilaria izango zara, zelan daramazu?

Ez dut ezer pentsatu, ezta prestatu. Alkateak deitu zidan etxera eta ilusioa sortzen dit, lehen aldia baita horrelako zerbait egitera gonbidatzen nautela. Izekorekin hitz egingo dut.

Gimnasia egiteak asko baldintzatu du zure bizitza?

Bai, eragina handia da. 8 urte nuenetik ikastea eta gimnasia egitea izan da nire bizitza. Nire egunerokotasuna izan da ikastolara joan, ikasi, entrenatu eta lo egitea. Batxilergoa bukatu berri dut eta azterketa mordoa egin ditut. Egia da noizean behin ateratzen naizela, baina ez daukat denbora askorik. Boladen arabera, batzuetan pentsatzen dut gehiago atera behar naizela, baina ondo baloratuta, gimnasia egiten eman dut denbora eta ez nuke aldatuko.

Espainiako txapelduna izatea da momentuz zure lorpen nabarmenena edo gehiago izan dituzu?

Duela bi urte Euskadiko Selekzioak deitu ninduen Espainiako Txapelketa batean parte hartzeko eta Espainiako hirugarrena izan nintzen. Hori dela medio, 1. mailara igo nintzen. Hurrengo urtean Espainiako Kopan Euskadiko Selekzioarekin 3. izan nintzen. Horiek izan dira nire garaipen garrantzitsuenak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide