Jon Escuza del Campo aurkeztu du EAJk Okondoko alkate izateko. Prentsa oharrean adierazi dutenez, 35 urte ditu Escuzak eta mantenuan egiten du lan. Horrez gain, abeltzaintzarekin lotura estua du, "bere pasioa da". 2015eko udal hauteskundeetako EAJko zerrendetan ere hartu zuen parte Escuzak, "eta gutxigatik geratu zen Okondoko zinegotzi izatetik kanpo".
EAJren esanetan, Okondorekiko inplikazioa eta konpromisoa izan dira alkategai izatea erabakitzeko gakoak. "Harrotasunez, energiaz, ilusioz eta umiltasunez hartu du erronka", erantsi dute oharrean. Escuzaren esanetan, herria ezagutu eta maite du: "Okondok eta bertako emakume zein gizonek erabateko dedikazioa merezi dute. Nire helburu nagusiak izango dira ongizatea bermatzea, Okondo ekonomikoki zein enplegu alorrean herri erakargarri izateko borrokatzea eta Aiarako Kuadrillan zein Araban erakargarritasuna indartzea".