EAJk hauteskunde ekitaldia antolatu zuen atzo Okondon udal programa aurkezteko eta botoa eskatzeko. San Bartolome plazan elkartu ziren hainbat herritar eta ume -haurrentzako ekintzak baitzeuden-, baita alderdiko ordezkari ugari ere: Gentza Alamillo, Encina Castresana, Ander Añibarro...
Jonathan Morenok egin zituen aurkezle lanak eta Marian Olabarrieta Arabako Foru Aldundirako eskualdeko hautagaiak hartu zuen hitza lehenik eta behin, erakunde horretan jeltzaleek egindako lana goraipatzeko, baita Aiarako Kuadrillan ere.
Gero Jon Escuza EAJko alkategaiaren txanda heldu zen eta adierazi zuen lantegian geratzea erosoagoa izanik ere, berak konpromisoa hartu duela udalerriaren alde aritzeko. Azpimarratu zuen aldaketa beharrezkoa dela Okondon eta ez konformatzeko mezua zabaldu zuen.
Hainbat proiektu gauzatzeko asmoa azaldu zuen: baso ustiapenean edota kirol gunean, eta agortzear dagoen legealdiko kideen lana aitortu zuen.
Diskurtsoaren ostean, publikoaren hiru galdera erantzun zituen alkategaiak eta jarraian beste zerrendakide batzuek hitz egin zuten. Askariarekin bukatu zen ekitaldia.