“Beti hartu dut parte jaietan, baina aurtengo festak bereziak izango dira niretzat”

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko abu. 6a, 08:28

Felipe Larrazabal izango da aurtengo jaietako pregoilaria. / Aiaraldea

Felipe Larrazabal (1971, Okondo) izango da aurtengo Okondoko pregoilaria. Modu horretan aitortu diote gaur arte egindako kirol ibilbidea. Munduan zein Europan 12 urtez lehiatu da mendi trailean Euskadiko selekzioarekin.

Jaietako mezua eta txupina lau haizetara zabaltzeko aukeratu zaituzte. Pozik?
Bai. Udaletik deitu ninduten pregoilari izatea proposatzeko. Niretzat ezusteko handia izan zen, sorpresa itzela. Suposatzen duen erantzukizuna pentsatu gabe esan nuen baietz, eta tira... Azkenean baiezkoa ematea erabaki dut, ea zelan doan!

Aurtengo jaiak bereziak izango dira zuretzat orduan.
Bai. Betidanik izan naiz Okondokoa, eta beti hartu dut parte festetan. Pentsatzen dut ez dudala sekula ere hutsik egin, egunen batean akaso (beste herri batzuetara joan izan naiz), baina nagusiki hemen pasatzen ditut jai guztiak. Herrian geratzeko ohitura dut, egia esan.


Zure kirol ibilbideari aitortza egiteko modua izan da izendapena. Nola laburtuko zenuke zure karrera?
Bizitza osoa daramat kirola praktikatzen. Afizionatu maila ra iritsi nintzen txirrindularitzan, gero utzi egin nuen arren. Hain zuzen, mendi martxengatik ordezkatu nuen, eta 20 urte baino gehiago daramatzat horretan. Horrez gain, Spartan modalitatean ere aritzen naiz, oztopo lasterketetan. Eta, txakurkrossean. Dena den, mendiaren alorrean nabarmendu naiz gehien. 12 urtez ibili naiz Euskal selekzioarekin trailean.

Mendiak igo zaitu arrakastaren gailurrera, beraz. Mundu mailan ere lehiatu zara, ezta?
Bai, Europako txapelketetan zein mundukoetan. Txakurkrossean duela 5-6 urte hasi nintzen, eta Espainiako txapelketan lehen postua eskuratu nuen lur eta elur kategorietan. Euskadiko txapelketa eta zenbait herri lasterketa ere irabazi ditut.

Bizikleta noiz eta zergatik utzi zenuen ba?
Gaztea nintzen, eta sakrifizio gehiegi eskatzen zuen. Parrandan ateratzen hasi nintzenean utzi nuen. Teorian, kirol oro praktikatzeari utzi nion 18 urterekin. Soldaduska ez egiteagatik Gurutze Gorriko boluntario izatea erabaki nuen, eta horrek denbora dezente lapurtu zidan. Ezer gutxi egitetik mendian ibiltzera pasa nintzen.

Gerora, zergatik aukeratu zenuen mendia?
27 urterekin Galarleiz mendi maratoia egitea erabaki nuen. Hor hasi nintzen korrika. Handik urtebetera deitu ninduten Euskadiko selekziorako, eta 12 urte eman nituen lehiatzen federazioarekin.

Euskadiko selekzioarekin 12 urtez aritu zara. Ez da marka makala.
Jende askorekin kointziditu dut 12 urtetan, egia esan. Batzuk 2 urte irauten zuten, besteek 4... Taldea beti 6-9 lasterkari artekoa zen. Espainiako Kopetan hasi ginen, eta entrenamenduen ondorioz eta ahalegin handia eginda, Munduko Kopetarako aukeratu gintuzten.

Mundu mailan ere lehiatu zara, orduan...
Bai, 4-5 aldiz. Hainbeste tokitan egonda, ez dakit esaten jada! Italian, Suedian, Eskozian, Mexikon egon gara. Lana eta nire bizitza uztartu izan ditut mundu mailan trailean lehiatu ahal izateko. Oso esperientzia polita izan da, talde eta giro ona genuen. Lehen, lehiakorrak baino lagunagoak ginen, horietako askorekin harremana mantentzen dut oraindik. Egun, marka hobetzeko borrokatzea da kirola, lehiakortasunari garrantzia gehiago ematen zaio.

Zure ustez, mendian korrika egiteko zer behar da?
Nik daktilekin egiten dut Zegama-Aizkorri maratoia. Jendeak saltzen dioten guztia hartzen du, baina ez da beharrezkoa. Prestatua joatea garrantzitsua da, baina neurrian.

Egin dituzun proba guztietatik, zein ez duzu ahaztuko?
Ez ditut asko irabazi, baina ilusio gehien egin zidana Zallako Galarleizekoa izan zen; karrera horrekin hasi nintzelako korrika. 2013an izan zen hori, 44 urterekin. Zegama-Aizkorri ere itzela da, 17 ediziotatik 15 egin ditut nik. Beti izan da izugarria, baina orain zoramena da. Bilboko Spartansean ere sorpresa handia eraman nuen: hirugarren bukatu nuen.

Txakurkrossean zabiltza gaur egun...
Bai. Neguan izaten da hori, tenperaturagatik. Animalien ongizaterako moldatzen dituzte probak, tratu txarrik ez jasateko. Adibidez, probaren hasieran albaitariek txakurrei azterketa egiten diete, eta txerto guztiak jarrita dituzten begiratzen dute. Horrez gain, arnesak, heltzeko sokak... behatzen dituzte, oso kontrolatuta dago. Nik babesleak biltatzen ditut, bestela oso garestia baita.

Jaietara itzulita, zein da zabaldu nahi duzun mezua?
Ez dut oraindik pentsatu, baina ondo pasatzeko izan behar direla festak uste dut. Ni behintzat horretan saiatuko naiz, jaiak ilusioz eta lagun artean gozatzen igarotzea. Diberti gaitezen, hiru egun baino ez dira eta; arazo artean egoteko urteak 300 egun baino gehiago ditu!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide