Ohi baino abuztu jendetsuagoa izan dute Okondon, aurten. Batetik, San Bartolome jaiak ospatu dituztelako; eta, bestetik, Euskadiko Agility txapelketa jaso duelako herriak.
Jon Escuza alkateak Aiaraldea hedabideari adierazi dionez, positiboki baloratu du udalak osatutako eskaintza, “hobeto prestatzeko denbora falta arren”.
“Herriko norbanako eta eragileekin asanblada irekia deituko dugu euren proposamenak eta ekarpenak jaso eta hurrengo urteko jaiak hobetzeko”, erantsi du.
Batez ere, parte hartzea eskertu du alkateak: “Oso pozik gaude. Okondoko elkarte askok antolatu dituzte ekintzak, herritarren laguntza handia izan dugu, eta hori eskertzekoa da. Gure datak ez dira onenak, Bilboko eta Laudioko jaiekin bat egiten dutelako, eta nabaritu arren, jende asko geratu da herrian eta hori garrantzitsua da”.
Urriko lehen asteburuan Irabien auzoak hartuko du lekukoa. Ostiralean egin zuten batzarra egitaraua antolatzeko: “Ondo joan zen. Jubilatuek pintxoak prestatuko dituzte meza osterako, eta karpan tortilla eta paella txapelketak egongo dira. Argazki lehiaketa ere izango dugu, Ganekogorta taldekoen eskutik”.
Aurrerantzean ere festak antolatzeko sistema bera jarraituko du tokiko erakundeak, gobernu buruaren esanetan: “Asanbladak deituko ditugu herritar eta elkarteen proposamenak jasotzeko, eta bukatutakoan balorazioak osatzeko”. Horrez gain, herriko hurrengo kultur hitzordu nagusia aurreratu du: urriaren 20an ospatuko dute Oiloen azoka.