Maskarak banatuko ditu Okondoko Udalak herritarren artean

Julen Solaun Martinez 2020ko mai. 19a, 07:00

Maskarak banatuko ditu udalak. / Okondoko Udala

46.000 maskara erosi dituzte Arabako 22 udalen artean, herritarren artean banatzeko; Okondok 1.200 inguru banatuko ditu, bana herrian erroldatutako pertsona bakoitzeko. 

Biztanleentzako maskarak banatuko ditu Okondoko Udalak dohainik, Arabako beste hainbat herrirekin batera 46.000 unitate erosi baititu, 15.000 kirurgiko eta 31.000 FTTP2. Aste honetatik aurrera hasiko dira banatzen. 100.000 euroko kostua izan du ekimenak, 22 udalen artean ordainduta. Okondok 1.200 inguru banatuko ditu, bat erroldatu bakoitzeko, alkateak, Jon Escuzak, adierazi duenez.

Maskarak etxez-etxe hasiko dira banatzen aste honetan zehar. Sobre baten barruan bidaliko dira etxeetara, kutsadura arriskuak ahalik eta gehien murrizteko. Erroldatutako pertsona maskara banatzeko momentuan etxean ez egotekotan, telefonoz jarriko dira udaletik kontaktuan, hartzera pasa dadin.

Era berean, 22 udalerrietako alkateek maskararen erabilera erregularra bultzatu nahi dute deskonfinamenduan zehar, prebentzio neurri gisa. Ohar batean zehaztu dutenez, ezinbestekotzat hartu dute herritarrek beste prebentzio neurriak jarraitzea, pertsonen arteko distantziak mantentzea eta eskuak garbitzea, esaterako.

Udalarena ez da, baina, maskarak eskuratzeko udalerrian egiten den lehen ekimena. Hainbat bizilagun asteak eman dituzte maskara berrerabilgarriak egiten auzolanean, eta 150 baino gehiago ekoiztu eta banatu dituzte dagoeneko, udaletxean zein farmazian. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide