Alderdi Jeltzaleko buruzagitzak nabarmendu duenez, horrelako jokabideak “onartezinak” dira, “konponbideak eman beharrean, Arabako eta Euskadiko gizarteak hainbatetan eskatu duen bizikidetzari eta desberdinarekiko errespetuari kalte egiten dietelako”.
Gauzak hala, hainbat alderdi politikoren egoitzen aurka azken hilabetean burututako “jazarpen-kanpaina” bertan behera uztea eskatu dute jeltzaleek. “Jarduera onartezin horien artean, Lakua auzoko Gasteizko batzokian egindakoa gogoratu behar da. Horren bidez, 34 sabotaje zenbatu dira jeltzaleen egoitzen aurka”.
EBBren aburuz, ekintza horiek “askatasunaren eta demokraziaren” aurkakoak dira, eta eta “alderdi politiko guztiei” eskatu die horiek gaitzestea.
EH Bilduk ere salatu du ekimena
Okondoko EH Bilduk ere zabaldu du prentsa oharra, EAJko egoitzaren pintaketaren harira. "Era honetako ekintzak lekuz kanpo daude eta guztiz salagarriak dira. Ezkertiar eta indenpendentistek hartutako bidearekin ez datoz bat, eta gure estrategiatik kanpo kokatzen diren ekintzak dira", azpimarratu du koalizio abertzaleak.
Zentzu horretan, bizikidetza eta normalizazio politikoaren alde lanean jarraitzeko konpromisoa agertu dute, "herritarren eskubideen urraketak erabat desagertu arte bide honetan lanean elkarrekin jarraitzeko borondate eta konpromisoa berresten dugu".
Patxi Ruizen gose grebaren harira margotzen duten eskualdeko bigarren batzokia da Okondokoa. Maiatzean Arrankudiaga-Zollon antzeko pintaketa egin zuten.
Ruizek 29 egun daramatza gose greban, kartzelan jasaten ari den tratua salatzeko. Bere aldeko bi elkarretaratze egin dira eskualdean orain arte, biak Amurrion. Horrez gain, hamar aiaraldearrek hartu zuten parte presoaren aldeko baraualdian.