Gaur goizeko 04:30ak aldera sute lazgarria gertatu da Okondon, Malkuartun, eta, ondorioz, 80, 82 eta 85 urteko hiru herritar zendu dira. Istripuak samin handia eragin du herritarren artean, eta Okondoko Udalak ez ohiko udalbatza deitu du gaur 15:00etan ezbeharrari erantzuteko.
Hain zuzen, udal osoko bilkuran EAJko, EH Bilduko eta Okondo Aurrerako zinegotziek aho batez erabaki dute hiru eguneko dolua ezartzea udalerrian. Zehazki, martxoaren 25ean, 26an eta 27an izango dira dolu egun horiek eta, horrenbestez, tokiko erakundeak iragarri du Baserri Azoka bertan behera geratuko dela.
Dena den, sutean hildako okondoarren senideek eskatu dute ospakizunik gabe ez uzteko herria eta aurrerago egingo da azoka. Jon Escuza alkateak azaldu du familiak berak egin diola eskaera: "Senideek adierazi digute ez dutela herria jai hori gabe utzi nahi, eta horregatik, aurrerago egitea ondo ikusten dute, egoera aproposagoa denean".
Ordezkari politiko guztiek ontzat eman dute proposamena, baita udal-bitartekoak senideei eskaintzea ere. Horrez gain, alkateak eskerrak eman dizkio Laudioko Udalari, zenbait tresna eta makineria laga baititu suteari aurre egiteko.
Udalbatza bukatu eta gero alkateak eta zinegotzi batek haga erdian jarri dituzte balkoian dauden ikurrak.