Hasi da Okondoko festa maratoia. Iragarpenetan hori antzeman daiteke, behintzat. Abuztuan bi ospakizun izango dira nagusi. Batetik, San Roman jaiak, abuztuaren 6tik 9ra antolatuko dituztenak. Bestetik, San Bartolomeren omenezko egitaraua; alegia, herriko jai nagusiak.
Abuztuko lehen larunbatean, hilaren 6an, abiatuko dituzte San Roman auzoko ekitaldiak. Bolo txapelketa izango da lehenbiziko jarduera, 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 21:00etara jokatuko dena. Igandean amaituko da ekimena, 11:00etatik 12:30era, hain zuzen.
Astelehena izango da “egun handia”. Hala ere, iluntzean ekingo diote egitarauari, Party Man musika jartzailearen Skywalker show lanarekin. Ondoren, odoloste jana egongo da, 20:00etatik aurrera alegia. Gainera, Florentxu y sus muchachos taldearen erromeriak girotuko du afalordua, eta gero mariatxiek emango diote jarraipena gauari, 22:30etik aurrera.
Asteartean, abuztuaren 9an, San Romaneko elizan, santuaren omenezko meza egingo dute 12:30ean, eta gero mokadua banatuko dute bertaratutako jende ororentzat. Trikitilariak arduratuko dira giroa pizteaz. Txapelketak izango dira protagonista ondorengo orduetan: 13:30ean igel jokoan lehiatuko dira herritarrak, eta 17:30ean briskan.
Alpargata jaurtiketa
Ohiko ekintzetatik harago, badira San Roman jaiak berezi bilakatzen dituzten beste zenbait jarduera ere. Horien artean dago alpargata jaurtiketa, abuztuaren 9an 19:30ean egingo dutena.
Edozelan ere, herri afaria izango da ekimenik jendetsuena, ohiturari jarraiki, abuztuaren 9an, 21:00etan gauzatuko dutena. Auzokide zein okondoarrek elkarrekin afaltzeaz gain, dantzatzeko eta parranda egiteko aukera ere izango dute, disko jaia iragarri baitute gaueko hamabietatik aurrera.