Zer dela eta hasi zinen boluntario proiektu desberdinetan?
Hernanikoa naiz jaiotzez, horregatik deitzen naute Gipu, gipuzkoarra izateagatik, Zallan bizitzen egon nintzen gaztetan aitaren lanagatik; baina Okondon 18 urte baino gehiago daramatzat bizitzen.
Okondon ekimen desberdinetan hartu duzu parte. Zeintzuetan?
Eskola kirolean urte asko igaro ditut errugbian eta eskubaloian. Semea futbolean hasi zenean, mendian hasi nintzen. Elkartasun ekimen batean hankarik gabeko mutil bat igo genuen Reglero mendira, eta orduantxe zaletu nintzen Gasteizko Mendi Solidarioak elkartean. Spiderabel ezagutu nuen bertan, eta AEFAT zein ELA gaixotasuna dutenen elkartea laguntzeko ekimenetan hartu dut parte geroztik.Lehen korrika egiten ibiltzen nintzen, eta orain laguntzen: markak ibilbidean jartzen, txirrindularitza lasterketetan boluntario… Laguntzeko prest egoten naiz beti, ahal dudan heinean bizitza soziala, familiarra eta laborala uztartzen ditut.
Zein ekimen nabarmenduko zenituzke?
2016an Zallako mendietara 12 orduz igotzeko erronka gogoan dut. Okondoko Otaolako ermitan ere erronka berezia dut: igoera bakoitzean AEFAT edo ELA laguntzeko diru donazioa egiten dut… Urtero aldatzen dut diruz laguntzeko elkartea. Dinamika sinplea da: ni -edo beste baten bat- igotzen den aldiro diru kopuru bat jartzen dut elkartearentzat.
Zein da errekorra?
Errekorra 321 igoeran dago (bost pertsona igotzen baidra, 5 igoera kontatzen ditut). Parte hartu nahi duenak argazkia bidaltzen badu, kontuan hartzen dut ere: guipu5@hotmail.com helbidera bidali behar dira irudiak horretarako.
Zein proiektu dituzu egun esku artean?
Spiderabelekin AEFATen jende asko laguntzen dugu. Bartzelonako maratoian lagundu nuen lehenbizikoz behar berezidunak eramaten. Esfortzu handia da. Ivan de la Cruz laudioarrarekin prestatu nuen lasterketa hori. Orain, laguntzeko ez bada ez dut korrika egiten. Ez dut markarik lortu nahi, jendea laguntzea baizik. Sekulakoa da jasotzen duzun eskerra. Horrek ez du preziorik.Okondon futbol epaile gisa aritu izan naiz, baita frontenisean ere. Txakolin Egunean urdaia egiten, Baserri egunean auzolanean… Laguntza behar den aldiro, aukera badaukat, ekarpena egitea gustatzen zait.
Pregoia prestatu al duzu?
Ez, eta ez dut asmorik ere. Azken unera arte, bizipen eta abentura asko izango ditut, eta ez dut oraindik prestatu nahi. Falzesera goaz laster “ezindu” bat laguntzera mendi maratoi erdia egiten. Meritua ez da guk egiten duguna, norengatik egiten dugun baizik. Familiarekin sortzen den sarea eta konexioa ere izugarria da.
Nola ospatuko dituzu aurtengo jaiak?
Lanean, beraz, lasai ibili beharko dut. Udan, baina, Nafarroako erronka (falzesekoa) izango dut, eta gero Okondon Agility txapelketan lagunduko dut, duela 3 urte bezala. Pirineoetara ere joateko asmoa dut, baina ziur kontu arraroren bat ere ateratzen dela!
Okondoko boluntariotza, bizi dago?
Jaietan, duela urte batzuetatik hona, jendea asko inplikatzen da: ginkana egiteko makil bati eutsi behar bazaio, jendeak ez du arazorik. Herriarentzat diren gauzetan ekarpenak egiten asko gozatzen dut.
Zein da jaietatik gehien gustatzen zaizun egun edo ekintza?
Eguneko giroa nahiago dut, nahiz eta gauak batzutan harrapatu. Txapelaren eguna asko gustatzen zait, azkenengo eguna, herriko denak batzen garelako. Umerik ez dudan arren, Xaiborrekin ere oso ondo pasatzen dut, haurrek oso ondo pasatzen dute kamioi gainean. Paellen eguna ere polita da: batzuekin txorizoa jan, besteekin gazta…
Zer nabarmenduko zenuke Okondoko jaietan sortzen den girotik?
Jendea oso aurrera joatekoa da. Jendea prest dago gauzetan laguntzeko. Esaterako, apar festa antolatu zen duela gutxi; eta gurasoak inplikatu ziren.
Bi hamarkada daramatzazu Okondon bizitzen. Zertan aldatu da herria?
Lehen herri itxia zen Okondo, baina orain edonorekin joan zaitezke trago bat hartzera. Gazteek euren lagunak herri handietan dituzte: Zallan, Laudion… Hala ere, ekintzetan geroz eta gehiago animatzen ari da jendea parte hartzen eta laguntzen. Herriarentzat zerbait polita egitea bada kontua, zergatik ez lagundu? Hil arte, ahal dudan dena egingo dut laguntzeko beti.
Okondon badira beste zenbait jai edo festa berezi.
San Romaneko jaietan gutxiago egoten naiz, baina San Sebastianak oso gogoko ditut, Otaolakoak baitira. Zuhaitzaren prozesioa egiten da han, eta sekulako giroa egoten da.
Baduzu egitea gustatuko litzaizukeen erronkarik buruan?
Mila istorio ditut, baina ezer finkorik ez. Himalaian trekking bat egitea gustatuko litzaidake, baina elkartasun ekimen gisa ekonomikoki zein laboralki ezinezkoa zait.
Zer ekarpen egiten dizute ekimen solidarioek zuri ba, pertsonalki?
Asko. Ibili ezin den pertsona bat Babio edo Gorbeiara igotzeak asko asetzen du norbera. ELA gaixotasuna duten 6 eraman genituen behin Gorbeiara, eta oso polita izan zen. Lekzio handiak ematen dizkizute horrelakoetan: huskeriengatik kezkatzen gara bizitzan.