Hasi dira Okondoko San Bartolome jaiak. Herriko plazan kokatu dute ohi gisa karpa, eta makina bat jende bildu da goizeko lehen orduetatik. Izan ere, paella txapelketa antolatu dute. Orotara, 20 paella baino gehiago aurkeztu dira, gainera.
13:00etan izan da txupinazoa, eta Jon Eskuza alkateak hartu du hitza. Azpimarratu duenez, herritarren artean erabaki dute pregoilaria, eta boto bidez hautatu zuten Javi Ramos Gomez 'Gipu' izatea festak pizteko arduraduna.
Alabaina, animaliekiko errespetuagatik ez dute txupinarik jaurti; eta Gipuren hitzen ondotik eman diote hasiera aste osoko egitarauari.
Eguzkilore taila bat eta Okondoko pina eman dizkiote Javi Ramos Gomez 'Gipuri' elkartasun ekimenetan egindako lan guztia eskertzeko
Omenduak herritarrei esker hitzak helarazi dizkie, baina azpimarratu du bere ekimen oro ez dela horren garrantzitsua: "Kontua ez da zer egiten dudan, baizik eta nor laguntzeko".
Hala, eraso sexistarik gabeko festak eta errespetuzkoak aldarrikatu ditu. Okondoko udal ordezkariek eguzkilore tailatua eman diote oroigarri gisa, eta lasterketa zein ekimen guztietan erabiltzeko "Okondoren pina". Jon Eskuzak erantsi duenez, gainera, herritar batek egindakoa izan da oparia.
Festak ofizialki gaur hasi arren, igandean jubilatuen bazkaria egon zen; eta atzo ere jendetza ibili zen plazaren inguruetan. Izan ere, bingoa zein aire libreko zinema.antolatu zituzten.